Andoni ARABAOLAZA
Entrevista
ALEX TXIKON
ALPINISTA

«Nanga Parbatek Everestera lotu egin nau; behar nuen»

Mendizale lemoarraren inguruan bada galdera bat erantzunik ez duena: nola liteke inoiz geldirik ez egotea? Esan bezala, sekretua ondo baino hobeto gordeta dauka. Gezurra badirudi ere, hamar hilabete baino gutxiago igaro dira Nanga Parbaten neguko igoera egin zuenetik. Eta berriro martxan da, eta berriro neguko espedizio bat. Aukeratu duen mendia Everest da. Erronkak biderkatzeko bidea hartu du, beraz.

Alex Txikon atzo abiatu zen etxetik Everest aldera. Duela astebete komunikabideen aurrean esan zuen bezala, bere asmoa munduko mendi garaiena neguan eta oxigeno artifiziala erabili gabe igotzea da.

Hori lortzen badu, ez da bera izango “lehena”; izan ere, Ang Ritak 1987. urtean lortu zuen. Abenduaren 22an izan zen; hots, neguaren lehen egunean. Aipatu behar da gai horren inguruan eztabaida handia dagoela. Nepalen, adibidez, neguko espedizio bat izateko data abenduaren 1ean jartzen dute. Baina Mendebaldeko alpinistentzat neguko espedizio bat abenduaren 21ean hasi eta martxoaren 21ean amaitzen da. Bata ala bestea izan, kontua da alpinismoaren munduan ez dagoela adostasunik.

Bitxia bada ere, neguan igo zen lehen zortzimilakoa Everest izan da. Eta hori lortu zutenak Krzysztof Wielicki eta Leszek Cichy poloniarrak izan ziren; hain zuzen, 1980. urteko otsailaren 17an. Espedizio horren buru Andrzej Zawada izan zen, eta kanpaleku nagusia urtarrilaren 5ean altxatu zuten. Hala, bada, Mendebaldeko alpinistentzat neguko ohiko datetan jardun zuten. Ondoren, Ang Rita tartean, beste hamabi mendizalek igo dute Everest neguan. Beste datu adierazgarri bat: 1993tik hona inork ez du Everest neguan igo.

Hurrengo elkarrizketan, Txikon bere asmoei eta aipatu ditugun gai hauen guztien inguruan mintzatu zaigu.

Ez dira hamar hilabete igaro Nanga Parbaten historia egin zenuenetik, eta «ezustean» harrapatzen gaituzu esanez Everestera zoazela. Lasai egoteko betarik ez al duzu hartu nahi ? Nanga Parbatekoaz nahikoa dastatu al duzu?

Kontua da momentua aprobetxatu behar dudala. Zortzimilakoetan negua oso exijentea da, eta orain ez banoa iruditzen zait une horrek ihes egingo didala. 2013. eta 2014. urteak oso gogorrak izan ziren. Eta ondoren Nanga Parbatekoa iritsi zen; izaera horretako neguko jarduera bateko gurpilean berriro sartzea asko kostatzen da. Gustura egin ditut neguko eskalada horiek, gustura jarduten dut eta uste dut ondo moldatzen naizela. Neguan mendia bere egoera puruenean dago. Lasai asko esan dezaket Nanga Parbatekoak Everestekin lotu nauela.

Behar hori sentitzen zenuen?

Hala da. Everestekoa nire ibilbidearen beste urrats bat da; Nanga Parbatekoaren ondorengo urratsa. Nire ibilbidea urratsez urrats egiten ari naiz. Eta orain Everesteko espedizioa iritsi da. Badakit eromen hutsa izaten ari dela; besteak beste, oso-oso garestia delako. Baina ez naiz damutzen. Oso motibatua nago, eta pertsonalki esan dezaket momentu honetan Everest dela nire ibilbidearen xede garrantzitsuena.

Baina jakin badakizu ziur aski Everesten historia egiteko ez duzula aukerarik; izan ere, 1987. urtean (abenduaren 22an) neguan eta oxigenorik gabe Ang Rita xerpak lortu zuen.

Gertakari historikoa izan zen, eta horretaz jabetzen naiz. Datu horri erreparatzen diot, baina garrantzi gehiago ematen diot garai hartako alpinistek egiten zutenari; hau da, errespetu osoa zor diet. Ang Ritak berak, zuk aipatutako igoera horretaz gain, Everest hamar aldiz igo du. Uste dut garai haietan egiten zutena ikaragarria dela. Lehen aurreratu dudan bezala, nire ibilbidean Everest beste urrats bat da. Nanga Parbatekin alderatuta, Everesten egin behar den igoeraren desnibela txikiagoa da. Baina kontuan hartu behar dugu Everest munduko zortzimilako garaiena dela. Gainera, Karakorumeko negua probatu dut, eta Nepalekoa ez.

Gasherbrum 1 mendia, Nanga Parbat eta orain Everest. Zortzimilakoen neguko espezialista bihurtu nahi al duzu?

Hori ez da kontua, baizik eta heldutasuna lortu dudala. Argi daukat izaera horretako eskaladak 50 urterekin ez ditudala egin nahi. Soilik momentua aprobetxatu nahi dut. Bizpahiru gehiago eta uste dut nahikoa izango dela. Gustura eta eroso sentitzen naiz neguko eskalada horietan, eta agian, espezialista bihurtu naiz. Urtaro horretan mendiarekin askoz ere lotuagoa sentitzen naiz, askoz ere arreta handiagorekin egoten naiz; indar guztiak hor bideratzen ditut. Baina jakin badakit ere argi behar dudala ibili; akats bat egiten baduzu…

Aipatu duzu Himalaiako negua ezagutu nahi duzula. Zergatik aukeratu duzu Everest eta ez beste zortzimilako bat?

Aitzakia kontua izan daiteke. Oraindik ez dut Everest igo, eta udazkenean saiatzeak ez nau motibatzen. Inspirazioa dut. Erronka hori bizitzeak harrapatu nau: logistikoa, ekonomikoa…

Gainera, hego isuriko bide klasikoa aukeratu duzu. Bakarrik egongo zaretela ikusita, glaziar hori ekipatzeak ez dizu nagirik ematen?

Tibet aldetik saiatu nintzen, nahi nuen, baina hori lortzeko bi hilabeteko lana egin ondoren ez du aurrera egin. Bost xerpa nepaldar nirekin izango dira; ibilbide hori ekipatzen lagunduko didate. Badakit kristoren lan desatsegina eta arriskutsua dela, eta ez dela txantxa bat. Bide batez, garai bateko espedizioen lana gogora ekarri nahi dut. Adibidez, hor dago “Tximist” bezalako espedizio bat; euskal espedizio horrek egindakoaz asko irakurri dut. Niretzat Everestekoa gai pertsonal bat besterik ez da. Ez dut errekor bat bilatzen eta ez dut historia egiteko asmo handirik. Finean, topiko batzuk ezabatu nahi ditut.

Bestalde, teknikoki Everestek ez du oraindik neguko igoerarik. Ang Ritak abenduaren 22an gailurra egin zuen, eta bere igoeraren lau ordu soilik neguan egin zituen. Alabaina, xerpa horren aurrean txapela kentzen dut. Eta, gainera, gai horri ez diot garrantzi handirik ematen. Uste dut mendiaz gehiago hitz egin behar dela, eta errekorraz gutxiago.

Aipatu dituzun bost xerpa horiez gain, zure ondoan beste hiru alpinista (horietako bi kamerari) izango dituzu: Carlos Rubio, Pablo Magister eta Aitor Barez. Hautaketa horrekin ere ezustean harrapatu gaituzu. Gainera, espediziokideen kopuruari dagokionez, esan dezakegu oso txikia dela.

(Kar-kar). Nik, jakina, Ali Sadpara eta Simone Moro alboan izan nahiko nituzke; baina ezinezkoa izan da. Carlos gaztea da, baina Aitorrek eskarmentu handia du; besteak beste, “Al filo de lo imposible” telebista saioarekin egin du lan. Saiatuko gara eta ikusiko dugu zer gertatzen den.

Batzuek diote Everesterako oso kide gutxi garela, baina Nanga Parbaten urte batetik bestera asko ikasi dut. Lehen urtean kanpaleku nagusitik lehenera hamabi ordu egiten genituen. Iazkoan, berriz, nagusitik bigarrenera egunean heltzen ginen. Horrekin esan nahi dut arina, azkarra eta eraginkorra izaten ikasi dudala.

Horretaz gain, garaiera horietan ez zara ibili. Kasualitatea edo ez baina zortzimilakoen zerrendatik hiru altuenak falta zaizkizu: Everest, K-2 eta Kangchenjunga. Nanga Parbat desnibelean handiagoa da, baina Everestek beste horri 700 metro ateratzen dizkio. Beraz, oxigeno gutxiago dago, hotz gehiago egiten du, haizete handiagoa… Horrek guztiak beldurtzen al zaitu?

Garaiera horri aurre egiteko prest nago; hori probatzeko irrikatzen nago. Everesti soilik eskatzen diot aukera bat eman diezadala 8.000 metrotik gora jardun ahal izateko. Beste era batera esanda, gailurreko saioa egiteko aukera ematea. Nire helburua ez da hirugarren kanpalekura arte iristea; nire xede nagusia laugarrenetik irten eta tontorra saiatzea da.

Everest neguan saiatzeko prest zauden honetan, baten batek dio udako espedizioetatik negukoetara dagoen aldea soilik hotza dela eta neguko jardun horietan berrikuntzarik ez dagoela.

Ez nago ados. Materialetan (botak, lumazko jantziak…) berrikuntza teknologikoa egin dut. Teknikoki, berriz, esan dezaket Nanga Parbateko bigarren urtean oinarriko kanpalekutik bigarrenera egunean iristen ginela. Eta ondoren, soka finkorik gabe mugitzen ginen. Ez dakit horretan berrikuntzarik dagoen, baina erakutsi dugu alpinistak garela. Mendiari metro bat irabazten zenionean, atzera begiratu eta jaitsiera zaila eta arriskutsua izango zela ohartzen ginen.

Logistikoki ere asko hobetu dugu. Jakina, gehiago egin daiteke. 2012. urtean, G-1 mendian neguan eginiko espedizioan couloir bat zabaldu genuen. Negua beste kontu bat da; uste duena txaketa bikoitza jarri eta horrekin nahikoa dela erabat erratuta dabil.

Negua oso oldarkorra da; adibidez, K2 mendia neguan ikusi dut, eta udaran duen itxurarekin ez du inolako zerikusirik. Hotza, haizeteak, izotz gehiago… baldintza askoz ere gogorragoak dira neguan. Everesteko hego-mendebaldeko isurialdean dagoen “Britainiarren bidetik” igotzea gustatuko litzaidake, baina gaur egun ez dut hori egiteko mailarik.