Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Perimetro emozionala

Besarkada eta musu artean pasa ditut azken egunak, jendea zein amultsua den urteko egunik ilunenetan. Zoriontasun desioak, aspaldi ikusi ez dugun jendearen irribarre zintzoa, sarriagotan geratzeko gurariak, elkarrekin denbora gutxi igaro arren gogoan zaituenaren begietako distira, senideentzako goraintziak, urtero barre zantzoa ateratzen didan algortarron elebitasun komikoa: eguberri on! Sí, sí, eguerdion… Gizarte honek Gabonak behar ditu landareek ura legetxe.

Nerabezaroan hipokresia ariketa erraldoia iruditzen zitzaidan. Baina sinestera heldu naiz sentimenduak adieraztea errazten duen asmakizun oro positiboa dela barrukoari hitzak ipintzea hainbeste kostatzen zaion euskal gizartean. Gabonen berniz kristaua barregarria begitantzen zait, Niceako kontseiluko fartsa aztertu dugun guztioi bezala.

Ostera, Gabonen alderdi kontsumistak nagi izugarria ematen dit oraindik ere. Sasoi batean oparirik ez egitea erabaki nuen. Baina atzenerako, gainerakoen opariak aldean nituela eta itzelezko zikoitz konplexuarekin bueltatzen nintzen etxera. Beraz, abenduaren 24ko arratsaldean zabalik geratzen diren dendetatik, elkarri konplizitate begiradak jaurtiz, ibiltzen garen erosleen segmentu sozialeko kide bihurtu naiz.

Eguberriko zoriontasun flowa 25 eguerdian pitzatu zen. Bilboko erdigune ekonomikotik oinez nenbilela iragarri nuen jendeak espaloi erdiko oztoporen bat inguratzen zuela. Emakume bat zen, diru eskean. Nirekin zetorrenak harridura aurpegiz begiratu zidan andrearekin berbetan hasi eta euro pare bat eman nizkionean.

Azaldu nion nire egoera emozionalak absolutuak direla, pozik nagoenean pozik nagoela guztiekin, triste nagoenean, gauza bera. Ezin dudala nire aldartea pertsonaren arabera aldatu.

Aitzitik, Gabonak sasoi egokia dira konturatzeko jendeak perimetro emozionalak eratzen dituela, pertsona batzuk barruan sartuz, eta besteak kanpoan utziz. Abegikortasun irribarretsua hoztasunik krudelarenarekin uztartzen dute espazio eta denbora berean. Neurosi hori da Gabonetako izpiritua, hou, hou, hou!