Aitzol Atutxa faborito dela jokatuko da Kopako finala
Bizkaitarrarekin batera Iñaki Azurmendi eta Jon Rekondo lehiatuko dira Urrezko Aizkorako Txapeldunen Kopako finalean, bihar arratsaldean, Asteasun.
Bihar 17.00etan jokatuko dira Asteasuko pilotalekuan Urrezko Aizkolarien Kopako eta Urrezko Harri-jasotzaileen finalak. Sei kirolari lehiatuko dira bi txapel hauek lortzeko asmotan.
Aizkolarien finalean, Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi eta Jon Rekondo lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak hamabost kana-erdiko erdibitu beharko ditu. Aitzol Atutxa da, dudarik gabe, txapela lotzeko faborito nagusia. Dimakoarentzat aurtengo urtea ere bikaina izan da, dena irabazi baitu. Azkeneko txapela pasa den astean lortu zuen Bizkaiko Txapelketa irabaziz, eta urtea beste bat gehiagorekin amaitu nahi du, horrela, egin duen denboraldi ederra biribilduz. Aitzol Atutxa sasoi betean dago, eta gainerakoek ere badakite bera mendean hartzea oso zaila izango dela, baina beste biak ere bizkaitarra estutu eta hari ahal bada garaipena kentzera joango dira.
Iñaki Azurmendi ere gogoz dago. Aurten ezin izan zuen Euskal Herriko finala jokatu, ez baitzen sailkatu, eta segundo gutxi batzuengatik geratu zen kanpoan. Finalerako bidea hemen oso ongi egin du, lan onak eginez, eta finalean ere bere maila erakutsi nahi du.
Jon Rekondo azkeneko unean sartu da finalera, baina leitzarra ere bere lana egitera joango da. Berak ere badaki irabaztea zaila izango duela, ez da faboritoen zerrendan sartzen, baina nafarrak bera ere kontuan hartu beharko dutela erakutsi nahiko du.
Harri-jasotzea
Urrezko Harri-jasotzaileen finala ere oso erakargarria geratu da, Zarautzen bizi diren hiru kirolari lehiatuko baitira, eta hauetako bi, gainera, aita eta semea izango dira. Izeta II.a, Izeta IV.a eta Jokin Eizmendi izango dira gaur Asteasun lanean arituko diren hiru kirolariak.
Harri-jasotzaileek 150eko errektangularra, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko dituzte; eta harri bakoitzarekin lanean aritzeko, berriz, bi minutuko txanda bana izango dute.
Izeta II.a da egungo txapelduna, eta aiarra, hangoa baita izatez, da irabazteko faborito nagusia. Lan hauek oso egokiak dira berarentzat, oraindik sasoi oso onean dago, eta berak ere txapel batekin amaitu nahi du urtea, garrantzitsua baita, jadanik txapelketa ofizialetan ez baita ateratzen.
Jokin Eizmendi ere saiatuko da bere maisu izandakoa mendean hartzen, edo estutzen behintzat bai. Bera ere maila oso onean dabil, eta lan hauek ere ez doazkio batere gaizki. Bera harri handienarekin saiatuko da aldea ateratzen, agian hor izan baititzake aukerarik handienak. Eta Izeta IV.a ere hor izango da. Zarauztarrarentzat ere egun berezia da, bere aitaren aurka arituko baita, nahiz eta azkenaldian behin baino gehiagotan ere aritu behar izaten duen. Berarentzat ere ez da lan txarra, eta saiatuko da beste bi kirolariak estu hartzen.
Egin beharreko lana zaleen oso gustukoa da
Hamabost kana-erdiko ebaki beharko ditu aizkolari bakoitzak bihar arratsaldean Asteasuko pilotalekuan jokatuko den finalean. Aizkolariek egin beharreko lana zaleentzat oso gustukoa da. Urrezko Aizkorako beste lehiaketetan proba ezberdinak izaten dituzte, abiadurakoak eta iraupenekoak uztartzen dira, baina zaleek behin baino gehiagotan adierazi dute hori ez dela eurentzat lanik gustagarriena. Hasi eta bukatu, jarraian egite hori dutela gustukoa. Lehiaketa honetan horixe jarri dute, eta lana ere ona, gainera. J.L.