Jon LEUNDA
PILOTA

Erronka eta helburu berriekin abiatuko da Berezkoen Buruz Burukoa

Maila nagusikoan Ducassou eta Larralde dira faboritoak, eta kanporaketarikjokatu gabe finalerdietako ligaxka jokatzeko zuzenean sailkatuta daude.

Berezkoen Buruz Buruko Lehen Mailako Txapelketa gaur abiatuko da Arrangoitzen. Aurten, A eta B multzoetan banatu dituzte lehiaketak, baina azken batean Lehen eta Bigarren maila direla esan behar da.

Maila nagusian arituko diren pilotariak honako hauek dira: Larralde, Ducassou, Waltari, Ezkurra, Bilbao, Amulet, Ospital, Ximun Lanbert, Gixandut eta Bielle. Gaur egun profesionaletan dauden pilotaririk onenak lehiatuko dira. Thierry Harizmendi bakarrik faltako da, baina berak egin dio uko bakarkakoa jokatzeari.

Hamar pilotari daude, eta hemen iazko lehiaketa kontuan hartuta kanporaketak jokatu beharko dituzte Ducassouk eta Larraldek ez beste guztiek; izan ere, bi hauek finalerdietako ligaxka jokatzeko sailkatuta daude. Besteek kanporaketak jokatu beharko dituzte, eta bi onenek jokatuko dute ligaxka.

Horrela, gaur 20.00etan Arrangoitzeko trinketean Bielle eta Gixandut lehiatuko dira lehen kanporaketa jokatuz. Bigarren partida, astelehenean jokatuko da Donibane Garazin, eta bertan Ezkurra eta Ximun Lanbert lehiatuko dira. Jaialdia 16.00etan hasiko da, eta hau bigarren partida izango da. Hirugarren kanporaketa, berriz, urtarrilaren 6an jokatuko du Amuletek gaurko irabazlearen aurka. Laugarrena, urtarrilaren 9an Donibane Garazin jokatuko du Ospitalek, asteleheneko garailearen aurka. Bosgarrena urtarrilaren 14an jokatuko du Bilbaok urtarrilaren 6ko irabazlearen aurka. Hurrengoan Waltari arituko da urtarrilaren 16an Donibane Garazin, urtarrilaren 9ko irabazlearen aurka. Azken bi kanporaketa hauetan garaile ateratzen direnek jokatuko dute ligaxka Ducassourekin eta Larralderekin batera.

Ligaxkako partidak, urtarrilaren 29an, 30ean, otsailaren 4an, 5ean, 11n eta 12an jokatuko dira Donapaleun, Donibane Garazin, Arrangoitzen, Milafrangan, eta Irisarrin. Bi onenek, berriz, otsailaren 19an jokatuko dute finala Baionako Modernen, 11.00etatik aurrera.

Txapelketa benetan erakargarria jarri dute, eta aurreko urteekin alderatuta, berriz, apur bat luzatu egin dute. Lehen fasea iazkoaren berdina izango da.

Faboritoak aipatzerakoan, berriz, betiko izenak agertzen dira, ez baitira aldatzen. Peio Larralde eta Battitta Ducassou izango dira bi faborito nagusiak. Ospital, Waltari edo Bilbao bera ere ezin dira bazterrean utzi.

 

Bigarren Mailakoa

Bigarren Mailakoa pasa den astean jarri zen abian. Monze eta Elgart dira ligaxkan zuzenean sartuko diren bi pilotariak, eta gainerakoek kanporaketak jokatu beharko dituzte. Parte hartuko dutenak honako hauek dira: Elgart, Monze, Intxauspe, Palomes, Laurent Lanbert, Darmendrail, Etxegarai, Benesse, Agirre, Migeltorena, Oltzomendi eta Luku.

Bigarren Mailako partidak, aurrenekoa eta finala izan ezik, Lehen Mailakoaren aurretik jokatuko dira. Finala, ordea, Donibane Garazin jokatuko da otsailaren 20an. Bigarren Maila honetan jadanik jokatu da aurreneko partida, eta bertan Oltzomendik 40 eta 18 hartu zuen mendean Luku.