Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Etxeko lanak

Euskal Langile Herria inbento ikaragarria izan zen 60ko hamarkadaren amaiera hartan. Francoren diktaduraren testuinguruan, Espainiako Estatuko herrietatik miseriatik ihesi Euskal Herrira etorri ziren milaka familia. PNVren abertzaletasun esentzialistaren aurrean, EHLren formulazioak herritar langileen artikulazioa ahalbidetu zuen asko abertzaletasunera hurbilduz edo gutxienez autodeterminazio eskubidearen alde kokatuz.

Gerora, ordea, gauzek beste bide bat hartu zuten, eta artikulaziorako formula behar zutenak pareta bilakatu dira nolabait. Ez dut uste sekula behar bezala eskertu diegunik familia erdaldun horiei ikastolen alde edo euskalduntzearen alde egin duten lan itzela, nahiz eta eurek euskaraz ez jakin. Kontrara, kasik baztertu egin izan dira nahiko ikuspegi elitistarekin esango nuke, behar bezalako abertzaleak ez izateagatik edo are mantxurrianoak izateagatik.

Historiak buelta erdi eman du ordutik, eta orain, PNV da bere baitan sektore erdaldun horiek biltzeko gaitasuna izaten ari dena. Esan izan da alderdi sozialista hondar bilakatzen ari dela langile auzoetan. Hala ikusten da azken urteetako hauteskunde emaitzetan. Ez soilik Ezkerraldean. Baita, esaterako, Gipuzkoako zenbait herritako langile auzoetan ere. Ezker abertzaleak hor ez dauka penetraziorik. Nola ba?

Familia horien bigarren belaunaldiek jada ez dute PSOE bozkatzen. Bertako sentitzen dira, baina Estatu espainolarekiko ezker abertzaleak planteatzen duen haustura bortitzegi zaie, nahiz eta euren ekonomiarako euskal estatu bat interesgarria izan daitekeen. Ziurrenik Espainiarekiko haustura edo independentzia euren sustraiekiko, euren aitona-amonen puebloarekiko eten gisa sentitzen dutelako. Eta hori gogorra da.

Hor sartzen da ederki asko aldebikotasunaren diskurtsoa, Podemosen eskaintza –erabakitzeko eskubidea bai, haustura ez–, eta PNVren abertzaletasun «leuna». Independentismoa hedatu nahi bada eta Euskal Errepublika baten aldekotasuna hazarazi nahi badugu, oso kontuan hartzeko elementu identitarioak dira hauek. Eta erantzuna ez da klase diskurtso gehiago egin behar dela. Horrek oso baxu kotizatzen du aspalditik.