GARA Euskal Herriko egunkaria
BLOKEA

Euskal espezialistek bloke bikainak egin dituzte

Itziar Zabalak, Baltzolan, «Solaris» (8a+) egin du; gradu horretako bere lehen blokea izan da. Bien bitartean, Araotzen, Markel Mendietak «Eskerrik asko» (8c) sinatu du. Eta Iker Pouk, honek ere Baltzolan, «La trave de Arroita» (8c+/9a) egin du.


Blokean jarduten duten euskal espezialista batzuk pozik daude azkenaldiotan lortu dituzten emaitzekin. Eta aurreratu behar dugu lorpen horiek etxean bertan erdietsi dituztela. Hurrengo lerrootan hiru protagonista izango ditugu; irakurlearentzat aski ezagunak hirurak ala hirurak: Itziar Zabala, Markel Mendieta eta Iker Pou.

Dimoztarrak “Solaris” (8a+, Baltzola) poltsikoratu du. Arrasatearrak, berriz, “Eskerrik asko” blokearen (Araotz) lehena egin eta harentzat 8c proposatu du. Eta gasteiztarrak, Baltzolan bertan, “La trave de Arroita” (8c+/9a) patrikan sartzea lortu du.

Irakurri bezala, hiru protagonistok jardun bikain bana sinatu dute, eta, aurreratu dugun bezala, guztiak ala guztiak euskal eremuetan. Hori bai, lorpen horiek egiteko eskalatzaileok ez dira neguaren zain geratu; izan ere, guztiek ala guztiek pasa den udazkenean bildu dute beren uzta.

Baltzolan hasiko dugu euskal espezialisten jardunen kronika. Zabalak etxetik minutu batzuetara duen koban jo eta su jardun du. Helburua “Solaris” (8a+) izan da. Ez da berria, ezta gutxiagorik ere. Duela hamarkada bat baino gehiago zabaldu zen, eta garai hartan zein gaur egun bloke hori egin dutenek gogorra dela baieztatu izan dute. Bada, hamar mugimendutik pasatzen ez den “Solaris” hori bere zerrendan sartu du dimoztarrak. Eta hori pasa den abenduaren 6an izan zen.

Baltzolako bloke hori egin bezain laster, Zabalak zera adierazi zuen: «‘Solaris’ egin dut. Xede ederra izan da, eta azkenaldiotan motibatuta eduki nau. Eskarmentu aberasgarri horrek erakusten dit eskalada nire bizitzaren zati garrantzitsu bat dela. Bederatzi urte nituenean, Josune Bereziartuk ‘Solaris’ igo zuen; hori egiten lehen emakumezkoa izan zen. 2003. urtean izan zen, eta orain ni bloke hori egiten ikusteak poz handia ematen dit».

Ez da harritzekoa, beraz, dimoztarraren poza. Bereziartuk, batez ere kirol eskaladan, langa oso goian jarri zuen. Baina, irakurri bezala, blokean ere ez zen atzean geratu: 2003. urtean emakumezko batek 8a+ egitea ez zen txikikeria bat. Bada, hamahiru urte pasatu dira, eta emakumezkoen graduari begiratzen badiogu ohartzen gara egun “Solaris” egitea ere garrantzitsua dela. Izan ere, Euskal Herrian zein gure ingurumarian horrelako lorpenak ez dira ikusten.

Bederatzi mugimendu dituen bloke horretan egindako lanaz Zabalak azaldu du hilabete batzuetako borroka izan dela: «Eroria handia du, ia-ia sabai bat da. Duela denbora asko probatu nuen, baina lehiaketetan buru-belarri nenbilen eta xedea atzeratu nuen. Iazko udaran, berriz, berriro itzuli nintzen. Eta erabaki nuen bloke hori serio hartuko nuela. ‘Solaris’-en izan dudan bilakaerari dagokionez, aurreratu behar dut hastapenetan mugimendu batekin dudak nituela. Eta une batean pentsatu nuen hura egiteko ez nintzela gai izango. Baina pixkaka-pixkaka mugimendu guztiak askatzen joan nintzen eta nire iritzia erabat aldatu egin zen».

“Solaris”-en mugimendu guztiak menderatu ondoren, Zabalari “soilik” guztiak lotzea falta zitzaion: «Une zein momentu egokia falta zitzaidan. Eta abenduaren 6a ‘D eguna’ izan zen. Azken hilabeteotan gogor jardun dut, batez ere tenperaturak behera egin duenean».

Arestian aipatu dugunez, Baltzolako bloke hori graduan exijentea da; eskola zaharreko zailtasuna du. Beraz, Zabalarentzat eite hori plus bat izan daiteke: «Nire lagunek esan didate 8a+ gogorra dela. Nik ezin dut iritzi zehatzik eman, besteak beste, gradu horretan eskarmenturik ez dudalako. Baina, bai, bloke gogorra da».

Azkenik, Zabalak esan du arrokan gero eta motibazio handiagoa duela: «Garai batean plafoian denbora asko egiten nuen; izan ere, nire helburuak lehiaketetan zeuden. Baina egun arrokan askoz ere gehiago eskalatzen dut; erabat motibatuta nago. 22 urte besterik ez ditut, eta oraindik neure burua gai ikusten dut xede gogorragoak probatu eta egiteko».

8c berria

Bien bitartean, Araotzeko bere txokoan, Mendietak jo eta su jardun du helburu gogor batean. “Eskerrik asko” du izena. Berez, bloke hori aspalditik du patrikan, baina hari luzapen bat gehitu dio. Eta pasa den azaroan bloke horren korapilo guztiak askatu eta ondoren guztiak lotzea erdietsi zuen. Bloke horrentzat 8c proposatu du.

Arrasatearrak esan duenez, bide erdia egina zeukan: «‘Eskerrik asko’ egin ondoren, hura luzatzea otu zitzaidan. Beti izan dut buruan, eta hura probatzen oso motibatuta jardun dut. Baina egin nuen egunean saioak egin gabe denbora neraman. Hara joan, lehor aurkitu eta goitik atera nintzen. Zortea ere izan dut».

Mendietak aurreratu du “Eskerrik asko” egiteko erresistentzia landu behar izan duela: «Hamabiren bat mugimendu ditu, eta azpiko sekuentzia ondo menderatuta nuen. Baina jarraitu eta goialdean erori egiten nintzen; erresistentzia arazo bat baino ez zen. Larraonan bloke gogor batzuk egin eta erresistentzia hori hartu ondoren, berriro ‘Eskerrik asko’ blokera joan nintzen. Baldintza onak aurkitu nituen: giro freskoa eta blokea lehorra».

Arrasatearrak argi dauka bloke hori gainditu ahal izateko hasiera-hasieratik oso fin ibili behar dela: «Beheko sekuentzia gogorra da oso, eta, hura egin ondoren, ezin zara lasaitu. Heldulekuak zein orpoa jartzeko toki guztiak txarrak dira oso. Ez da bloke bat, non muturreko mugimendu bat duen; zailena mugimendu guztiak lotzea da. Eta horrek erresistentzia eskatzen dizu. Horretaz gain, mugimendu batzuek konpresioa eskatzen dute, eta horietan indar handia egin behar da. Beraz, esan dezaket ‘Eskerrik asko’-k konpresioa eta erresistentzia uztartzen dituela».

“Eskerrik asko”-k duen graduaren inguruan, eskalatzaile honek adierazi du 8c iruditzen zaiola: «Espezialista bikain batzuek probatu dute, eta adierazi didate oso-oso zaila. Iban Larrionek, adibidez, esan dit 8c dela. Finean, bi 8b lotzea da, eta horregatik 8c izan daiteke».

 

Bertsio zailena

Eta azken protagonistak, Pouk, beste biek ez bezala zeharkaldi baten aldeko apustua egin du. Baltzolako klasikoa da: “La trave de Arroita”. Aitortu behar da gasteiztarrak zeharkaldi hori ondo baino hobeto ezagutzen duela; izan ere, duela hamarkada pasatxo hura egitea lortu zuen. 40 mugimendu baino gehiago eta 18 metro ditu, eta haren zailtasuna 8c da (zeharkaldien eskalan).

Ondoren, Pou gai izan zen zeharkaldi horren aldaera bat egiteko; zailagoa baina gradu berekoa. Baina protagonista honi “La trave de Arroita”-ren bertsio zailena eta naturalena egitea falta zitzaion. Hots, itsatsita duen harria erabili gabe. Harri hori ukitu gabe zeharkaldi osoa egin zuen lehena Dani Andrada izan zen, eta bertsio berriarentzat 8c+/9a proposatu zuen. Erresistentzia handia eskatzen duen ariketa horren bigarrena Iban Larrionena izan zen. Eta pasa den azaroan, Pouk buruan zuen xede zahar horren hirugarrena lortu zuen.