02 ENE. 2017 ZIRIKAZAN Ferekak eta zaplaztekoak Josebe EGIA Ni neu 2016. urteak akituta utzi nau, gauza onez eta txarrez eta okerragoez osaturiko zurrunbilo trinko eta azkarra gehiegizkoa izan da (jada ez naiz honen gaztea emozio biziak bata bestearen atzetik irentsi eta gehiago eskatzeko); zoragarriak eta ikaragarriak era berean mundu zabalean jazotakoak. Lege naturala da: ez dago arantzarik bako arrosarik, ez argirik itzalik gabe, eta zoriona bere horretan iraunkor, nahigaberik gabe, falazia hutsa da, gure egitura sozial osoak umetatik kontrakoa barnera dezagun tematuta jarraitu arren. Kuriosoa da oro har jendarteetan frustrazioa, atsekabea, amorrua, sumina, samina, ezintasuna, oinazea, depresioa eta bururatzen zaizkizun sentimendu “negatibo” guztiak ahalik eta ezkutuenen mantenduz bizitzea –ahalegin handiagoa eginez sentimenduon jomuga gure gobernuak eta beren politikak baldin badira–, gutxi batzuen gaitzak balira bezala, oro har pertsona gehienak une oro orekatuta, aseta eta zoriontsu biziko bagina bezala, baina aldi berean hainbeste eta hainbeste kontu, hainbeste aurrerapen sozial, zientifiko, ekonomiko edo bestelako, hain zuzen norbanakoen frustrazioak, nahigabeak eta ezintasunak desagerraraztera edo, behintzat, arintzera bideratuta egotea. Geure kontsumoaren zati oso handi bat, adibidez, gehienok ozenki nekez onartuko badugu ere. Gabonak dira eskizofrenia sozial horren gailurra, benetako edo gezurrezko (horrek berdin dio) zorionaren izenean, ez dakit zer maitasun unibertsalen urteroko erakustazoka kolektibo honetan, sentimendu txarrak, gatazkak, auziak, borrokak… hamabost bat egunez are irmoago estaltzen diren garaia. Zein alferrikakoa energia galera baliogabe hori, zein kaltegarriak ezkutukeria eta itxurakeria pertsonon osasun onerako, eta, ondorioz, gizarte mailako arazo errotuen konponbiderako. Oraintxe, urtarrileko aldapa dator. Errealitateak horixe dauka eta, nahi eta nahi ez inposatu egiten dela, ferekaz eta zaplaztekoz egina dagoela, nork bereari aurre egiten ikasi beharra dagoela. Urte berri honetan, ikasketa zintzo osasungarri hori opa nahi nioke bizitzako une zail batean dauden guztiei, bizipoza hondatu samar duten guztiei edo mamorro arraro huts sentitzen diren guztiei. Esateaz batera porrota ez direla eurak, baizik eta pertsonon konplexutasuna ukatuz jendarte heldugabe batean bizitzen jarrai dezagun sustatzen dutenak, existitzen ez direnak salduz eta salduz.