A.A.
ESKUA

Liderrak Tolosan, seigarren jardunaldiari ekiteko

Binakako Txapelketaren seigarren jardunaldia gaur hasiko da Tolosako Beotibar pilotalekuan. Irribarria-Rezusta, oraindik partidarik galdu gabe dauden liderrak, Victor eta Albisuren aurka neurtuko dira 17.00etan hasiko den jaialdian (2. partida).

Dirua nabarmen aterako da gorrien alde, emaitza onez gain jokoari dagokionez ere erakustaldiak ematen ari direlako. Gainera, Victorrek eta Albisuk itxura nahiko kaxkarra eman zuten aurreko astelehenean, Tolosan bertan, Olaizola eta Untoriaren aurka 22-9 galduta. Eta laugarren jardunaldiko norgehiagoka ere Tolosan jokatu zuten Bengoetxea VI.a eta Larunberen kontra. Hura irabazi zuten 22-20, baina orduan ere irudia ez zen batere ona izan.

Aukeraketa Labriten

Atzo oraindik material aukeraketen txanda izan zuten beste bikote batzuek. Iruñeko Labrit pilotalekuan, esaterako, Bengoetxea VI-Larunbe eta Altuna III.a-Barriola bildu ziren larunbateko partidarako pilotak hautatzera.

Oinatzek eta Mikelek aukeratu zuten pilotarik arinena (104,6 gramo) eta beste denak oso pisu antzekoak izan ziren. Bi bikoteak berdinduta daude sailkapenean bina garaipenekin.