07 ENE. 2017 Aizkora Egungo txapeldunak lehian direla hasiko da Binakakoa Atutxa eta Mugertza II.a, Patxi Mindegiaren eta Irazuren aurka neurtuko dira bihar, eguerdian, Deban. Jon LEUNDA Binakako Urrezko Aizkora bihar jarriko da abian Debako Aldats pilotalekuan, 12.00etan. Bertan neurtuko dira lehen norgehiagoka honetan Atutxa eta Mugertza II.a Patxi Mindegiaren eta Irazuren aurka. Sei bikote arituko dira lehiaketa honetan eta Patxi Mindegia izango da berrikuntza nagusia. Zubietakoa azken urte hauetan goi mailako aizkoratik aldenduta ibili da, baina amaitu berri den urtean itzuli zen berriro ere lehiaketetara. Nafarroako Hirugarren Mailako txapela irabazi zuen eta Euskal Herriko Hirugarren Mailakoan ere finala jokatu zuen, nahiz eta ez zuen txapelik lortu, ez eta mailaz igotzerik ere. Jon Irazu izango du lagun. Multzo berean arituko dira Atutxa eta Mugertza II.a, baita Arria V.a eta Otaegi ere. Beste multzoan, berriz, Vicente II.a eta Ruben Saralegi, Rekondo eta Donato Larretxea eta Lopez eta Otaño arituko dira. Bikote bakoitzak egin beharreko probak, berriz, honako hauek izango dira: Erlojuz kontra bi 45 ontzako ebaki beharko dituzte, aizkolari bakoitzak bana. Ondoren, zutikako kana-erdiko enbor bat, eta hori txanda librean ebaki beharko dute. Jarraian, 60 ontzako enborra izango dute aurrean, eta aizkolari bakoitzak erdia ebaki beharko du. Ondoren, 45 ontzako zutikako enbor bat eta etzaniko beste kana-erdiko bat ebaki beharko dituzte. Bikote bakoitzeko aizkolariek enbor bat moztu beharko dute. Azkenik, bi 45 ontzako eta lau 60 ontzako moztu beharko dituzte, eta lan hau txanda librean egingo dute. Lehen saio honetarako faboritoak Mugertza eta Atutxa dira eta txapelketa bera irabazteko ere bai, nahiz eta Otaegi eta Arria V.a eta Vicente eta Ruben Saralegi ere oso kontuan hartu beharko diren. Biharko Debako saioan norgehiagoka polita izango da, eta ikusmina piztu duen horietakoa da, gainera. Patxi Mindegia ikusi nahi dute zaleek, eta berarentzat, gainera, lan hauek oso egokiak izan daitezke.