GARA Euskal Herriko egunkaria
KOPA

Stade Rennais kanporatu eta aurrera egiteko itxaropena bada Biarritzen


Denboraldi honetan aurreneko aldiz beteko da Agilera estadioa, baina ez da izango errugbia ikusteko, futbola ikusteko baizik, eta horrekin argi eta garbi geratzen da Ipar Euskal Herrian futbolak duen indarra. Bada garaia agintariek errugbiari laguntzeaz gain futbolari ere bultzada bat emateko, horren eske ari baitira zaleak urteak joan eta urteak etorri.

Kopako partida izango da eta Biarritzek Lehen Mailako Stade Rennais hartuko du, 17.00etan. Sarrera guztiak agortuta daude. Biarritzen badakite zaila izango dela aurrera egitea, baina kanporaketa partida batera izanda, amestea beti da errazago.

Christian Gourcuff da Rennesen entrenatzailea, eta garbi utzi du astean zehar ez duela ezusterik nahi, eta, horretarako, normalean aritzen diren jokalaririk gehienak izango dira hamaikakoan Agileran.

Biarritzeko entrenatzaile Xabier Legazek ere bere hamaikakorik onena zelairatzeko aukera izango du. Kottebrune eta Benlloch dira taldeko izar nagusiak, eta euren lanak zeresana eman dezake.