Surflari ernegatua

Putreak bezala

Ekialdeko haize finak, itsas azala orrazten du eta baita haren ispilu den zerua ere. Itsas hondoan diren arrainek ohikoa baino argi gehiago dute etxeko gelan, horrela, baletxo batek argiari begiratzen dio, instintuz, eta gorantz doa. Erresistentziarik ezarri ez dion ur poltsa ahokada batez irentsi du, marmoka zelakoan, eta jakiak ez dio on egin, sabeleko hormetan itsatsi zaiona plastikoa baita. Bere amak, gizakiok inteligenteagoak bagina egingo genukeena egin du, alegia, jada ezertarako balio ez duen haurra abandonatu. Gure kasuan, zakarrontzira botatzea litzateke egokiena, gero errausteko, baina ez gara tontotzat ditugun animaliak bezain azkarrak.

Baleak, heriotzaren besarkada itxaroteko leku bat bilatu nahi izan du, eta ezin hobeto hautatu du, berekin akabatu duten horiengana jo baitu, Getariako portura. Itsasoa zabortegi baten moduan erabiltzen duten arrantzaleen ontziek atseden hartzen duten leku berean da orain eta famatua egin da. «Bisitari bat izan dugu», dio irrati esatariak, «bisitariak gu gara», erantzuten die gurasoei oraindik zikiratu ez duten mutiko lañoak.

Ur azalean putz egiten duen animalia gaixoaren irudia tximistaren abiaduran iritsi da jendearen sakelakoetara edo ordenagailuko pantailetara. Eta denak daude gustura, antza, oraindik naturan zerbait naturala badagoela dirudielako. Autoa hartu eta badoaz guztion artean hil dugun itsas animaliaren hileta festara. Dena da polita, dena da irria, dena lilura...

Haizeak ekialdetik ufatzen jarraitzen du, baina balea, edo hobeto esanda “marroia”, berriz itsasoratzera behartu dutenean, izara urdinak ilun kolorea hartu du. Naturak, berau begiratzen duenaren izpirituaren kolorea hartzen baitu.

Mahatma Gandhi bere ekintza baketsuekin Indian istilu bortitzak eragiten zituen bakezaleak esaten zuen «pertsona ona izaki bizidun guztiak maite dituena» dela. Bere mentore izan zen Henry David Thoreau pentsalari eta ekintzaileak, ordea, «munduaren perbertsioa naturan» dagoela zioen.

Getariako moilan bildu direnek, Gandhirekin bat egiten dutela usteko dute, alegia, hilzorian den balea, harekin gasolina artean igerian dabiltzan korrokoiak eta inguruan argazkiak ateratzen dabiltzan morroiak, guztiak direla maitagarriak eta maitatu beharrekoak, eta haiei itsasora bultzatzea gaizki dagoela eta itotzen hasten badira lagundu egin behar zaiela, eta abar. Badakizue, elizetako lehen lerroan izaten diren hiltzaileek izaten dituzten ohiko diskurtso borondate onekoak. Beraz, gehiago gustatzen zait Thoreauren filosofia, batez ere, naturaz, gizakia bera ere ulertzen bada. Alegia, gizakian dago naturaren perbertsioa, izan ere, erakusten ari garen zinismo maila eraikitzen ari garen gizarte eredu honen adinakoa da.

Itsasoko putreak diren marrazoek, goizeko lehen argi izpiekin distira egiten dute, isatsari harro eragiten dieten artean, haien traje beltz eleganteetan sartuta. Haietako gutxik lagunduko lukete balea, noizbait haien laguntza behar izango balu, baina bere hiletako banketera guztiak joaten dira. Guk ere antzeko jokabidea dugula esango nuke. Penagarria da, baina ez dugu pena ematen, nazka baizik, eta batzuek, noski, besteek baino gehiago.