GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

Borroka feminista kartzelan


Bertan egon ginen, bai, ehun bat titi pare mundua eraldatzeko prest; gosari lokartuak hitzaldietan luzatzen, eztabaida beroak mahai-inguruetan, plenarioetan pailazoa nagusi, lantaldeetan putak, ikasleak eta etxekoandreak eskuz esku, egitarautik kanpoko parranda klandestinoren bat edo beste... elurra bera ere etorri zitzaigun elkarbizitza feministari pintzelkada magikoa ematera. 15 urte igaro dira, Leitzan, Euskal Herriko emakumeok lehenengo topaketa haiek egin genituenetik. Hiru bosturteko hauetan euskal feminismoak orratz txikiz jositako urratsez nahiz aizkorakada ausartez egin du bere bidea, auzo/herrietatik Euskal Herrira eta handik mundura salto eginez; gaur egun, sistema heterokapitalistaren kontrako borrokan, abangoardia errebeldearen ikur izateraino.

Bertan egon ginen hainbatek harresiaren bestaldetik jarraitzen diegu orain borroka feministaren zein gure herriaren eraikuntzaren gorabeherei. Jarraitu, eta parte hartu. Espetxe guztiak erauztea lortu arte, gatibu gauzkaten zigor-eremu-biolento-falozentriko hauetan asko baitago borrokatzeko. Egun, euskal preso politikoen kolektiboa osatzen dugun 355 kideotatik 47 gara emakumeak, eta 27 espetxetan sakabanatuta gauzkate. 19 dira, orotara, bakartuta dituzten kideak, horietatik 12 emakumezkoak. Hau da, kolektibo osoaren %13 bagara ere, bakartutako kideen %63 osatzen dugu. Batzuetan zenbakiak hutsalak dira; beste batzuetan, aldiz, euren kabuz hitz egiten dute. Doakiela hemendik indarrez beteriko besarkada xamurra bakarrik diren kide guztiei. Zuen ondoko hutsunean gaituzue!

Kartzelan, kaleko kaiolan bezalaxe –espetxeak estatu baten isla leiala besterik ez dira–, zapalkuntza bikoitza pairatzen dugu: sistemari aurre egiten dion militante politiko eta emakume gisa. Izan ere, pertsona suntsitzeko asmatuak diren tortura-zentro moderno hauetan, emakume izateagatik, berariazko errepresioa jasaten dugu. Hasteko, espetxearen espazio fisikoa bera gizonezkoentzat pentsatuta eta eraikita dago, emakumezkoak gutxiago garen aitzakiarekin. Sarritan egokitzen zaigun espazioa txikiagoa edota gizonen moduluen «soberakinekin» egindakoa izaten da. Instalazio bereziak ere gizonen aldean egon ohi direnez, aktibitate aukera urriagoa izan ohi dugu: futbol zelaira joateko debekua, «gizonen bistan (!) egongo garelako» (adi egon daitezela, bai... gure titi eta izterrek matxinadak eragiteko indarra daukate eta!). Kontua da espetxe gehienetan halako obsesio paranoide bat daukatela agintariek: gizon eta emakumeak ez daitezela gurutzatu, ez elkar entzun, ezta ikusi ere! Danger! Desintegrazio nuklearrerako arrisku gorena! Ukazioaren erreinuan, zaharrak berri. Aisialdirako aukera gutxiago, hortaz. Gainera, eskaintzen zaizkigun aktibitateen artean ere aldea dago, hots, erabateko banaketa sexista: gizonentzat kirol jarduerak (dela futbola, dela boxeoa), hain «maskulinoak» diren harria edota egurra lantzeko aukera... Emakumeoi, berriz, josketa, pintura, zeramika (askozaz «femeninoagoa», noski!), estetika... eta horien gisako jarduerak proposatzen dizkigute. Hori da sistemaren kaiolak buruan iltzatu nahi digun eskema: neskatilak, izan zaitezte otzanak, femeninoak, zintzoak eta panpoxak...!

Espetxe sistema bereziki tematzen da presoa «emakume zintzo» bihurtzeko ideiarekin. Lan horretan, presoaren infantilizazioa eta gure sexualitatearen erabateko kontrola gauzatzen dute; hain zuzen ere, gizonen aldean neurri berean ezartzen ez dena. Gure janzkeraren gaineko jazarpena itogarria da; soinean daramaguna laburregia, transparenteegia, sugerenteegia, sexiegia... –finean, eurentzat askeegia– delako diskurtso kontserbadore-faxista darabilte, ziegatik atera ahal izateko gure arropak aldarazten dizkigute, hainbat eta hainbat debekatu.... Politesse-a zigor/sari xantaia bilakatzen dute. Gizonen aldean libreki ikus daitekeen pornoa zentsuratu egiten dute gurean. Bisitetan sexua galarazten digute, euren kontrola eraso huts bilakatzeraino. Derrigorrezko biluzketetan agindu iraingarriak jasotzen ditugu: titiak altxarazi, hilerokoarekin gaudenean konpresa/tanpoia kenarazi... Espetxean, emakume askok derrigorrezko biluzketa horien umiliazioa bortxaketa gisa bizi dute.

Kideon artean, patioko jirabiretako eztabaida amaigabe bezain elikagarrietan (filosofatzen, mundua konpontzen, desbarratzen, astakerietan ere bai, noski...) maiz izaten ditugu mintzagai espetxea eta generoa. Aipagarria da munduko edozein emakume espetxeratzean gertatzen den zigor hirukoitzaren fenomenoa. Zergatik zigor hirukoitza? Gizon bat kartzelatzen dutenean, zigor bat dauka betetzeko: zigor penala, alegia, espetxean igaroko dituen urteak, bertan pairatuko dituen errepresio zein galera guztiak, etab. Emakume batek, aldiz, espetxe kondenari zigor soziala eta norbere buruari eragiten diona gehitzen dizkio. Zigor soziala, kartzelan amaitzen duen emakumeari, gizonezkoei ez bezala (edota ez emakumeoi dakarzkigun konnotazio guztiekin), «emakume ez zintzoa edo galdua» / «mala madre» / «vilaine femme»-ren etiketa itsatsita geratzen zaiolako; espetxetik ateratzean, jendarteak alboratu edota lotsaraziko duelako askotan. Barruan dagoen bitartean ere, bere inguru hurbilak ama, alaba, emaztea, neskalaguna duena albo batera uztearen drama bidegabea ohikoegia da inguru hauetan, tamalez. Bisitan datozen gure senideek ere nabarmentzen dute egoera hori. Gizonengana doazenean, nor egoten da itxarongeletan? Amak, emazteak, seme-alabak... Eta emakumeen espetxeetako itxarongeletan? Amak, ahizpak, seme-alabak... Jendarte heteropatriarkal honetan emakumeoi inposatzen zaigun zaintzaile rolaren erakusgarri hori, zoritxarrez, gure inguru hurbilean ere usu ikusten dugun fenomenoa dugu.

Ezin aipatu gabe utzi, nola ez, espetxeak amatasunean eragiten dituen arazoak. Haurdunaldietan behar bezala zaindu, behatu eta elikatu ezina; erditzeak giro erabat biolento eta arrotzean egin behar izatea; azken momentura arte erietxera ez eramatea; erditze gela barruan polizia enkaputxatu eta armatua egotea; espetxera buelta berehalakoa izatea; ama-umeei eskaintzen zaien janari eskasa; instalazioak haurdunentzat zein umeentzat egokituta ez egotea... Bestalde, bereziki larria eta aipagarria da Frantzian amatasuna ez egotea eskubide gisa aitortua. Horrek esan nahi du, espetxean umedun sartzen ez baldin bagara, ez dugula haurdun geratzeko, ez eskubiderik, ez arauen barruan onartutako aukerarik.

Salatu nahi nuke, azkenik, transexualek espetxean pairatzen duten jazarpen inkisitoriala. Egungo sistema heteropatriarkalaren binarismo erradikal-erreakzionarioaren ondorioz, espetxeratzeko orduan ere bi aukera soil eta zurrun ditugu: edo aludun emakume(femenino)ak gara, ala zakildun gizon(maskulino)ak.

Esan gabe doa, emakume artean derrigor egon behar honek baduela bere alde elikagarria ere: hala nola, muturreko egoeretan izaten den emakumeon arteko elkartasuna eta samurtasuna ezagutzeko parada. Jatorri, erlijio, adin, arraza, klase, kultura eta interes oso ezberdinetako emakumeak nahastuta, «toutes dans la même galère», hemen esaten den modura. Espetxean igarotako urte hauetan, kalean egonda sekula ezagutuko ez nituzkeen emakumeekin penak eta barreak konpartitzeko aukera izan dut, euren arazo eta istorioak entzutekoa, aurreiritzirik gabe elkarri laguntzen ikastekoa... Militante politiko gisa hazteko, mundua bera eta askatasunaren aldeko borroka berrulertzeko esperientzia eraikitzaile paregabea da, bizitzarako irakaspena.

Griselidis Realen (puta, aktibista eta idazlea, besteak beste) hitz horiekin amaitzen dut, eta atzoko, gaurko eta biharko emakume borrokalari guztiei eskaini, sistemari konplexurik gabe aurre egiten diozuenei, euskal abangoardia errebeldearen ikur zaretenei. Gure herri aske eta parekidearen alde atzerapausorik ez! Zorionak, beraz, 15 urte hauengatik... eta segi aurrera! Gora borroka feminista!!! Urtarrilaren 14an, denok Bilbora eta otsailaren 11n emakumeok espetxe martxa feministara!