Ane URKIRI ANSOLA
Eskubaloia

Aurkari zuzenari kolpea

Super Amara Bera Berak bigarren sailkatua lau puntura aldendu du Rocasari irabazi ostean

BERA BERA 25

ROCASA 21


Bera Berak garaikurra balio dezakeen garaipena eskuratu zuen Rocasa Gran Canaria, bigarren sailkatua, garaitu eta lau puntura aldenduz. Silvia Navarroren eta Almudena Rodriguezen neurketa ederrak (10 gol) ez ziren nahikoak izan Bidebietan, liderraren etxean, irabazteko. Izan ere, Zugarrondok erantzun itzelak eman ditu Temprano ordezkatu eta segituan. Hain ohikoa ez den aldaketa honek neurketaren ibilbidea aldatu zuela esan daiteke, izan ere, atezaina bezalako postu batean psikologia faktore garrantzitsua izaten da eta arlo horretan, atzokoan, Zugarrondo finago zebilen. Jasotako lehen jaurtiketan eginiko gelditu ederrak ere lagundu zion neurketa bide onetik eramaten.

Atezain nafarraren geldiketa ederrei jarraiki, defentsaren lan onarekin eta erasoan, batez ere Aramendiaren eskuetatik, neurketa parekatzera heldu ziren, ia lehen zati osoan donostiarrak markagailuan atzetik joan baitziren. 25. minutuan 11-11koa eskuratuta, atsedenaldira 13-12 aurretik joatea lortu zuen Montse Pucheren taldeak. Abantaila garrantzitsua bigarren zatiari aurre egiteko.

Sendo eta bizi

Bigarren zatian ere, aurreneko hamar minutuetan, kanariarrek aurrea hartu zuten, Bera Berak erasoan eginiko hutsegiteak edo Navarroren geldiketak baliatuz. 41. minutuan markagailuak 15-17koa erakusten bazuen, 49. minuturako Arrojeriak, bizitasunez eta jaurtiketa indartsuekin, hiru gol egin eta markagailua irauli zuen: 18-17koa jarri zuen usurbildarrak. 

Kanaria Handiko taldeak berdintzea lortu bazuen ere, erasoan finago aritu ziren gipuzkoarrak eta bukaerarako hamar minutu falta zirela bi goleko aldea erdietsi zuten (20-18). Hortik aurrera, urduritasuna alderatuz, Bera Berak disfrutatzeari ekin zion, eta giroak lagundu. Bidebieta kiroldegiko eserleku gutxi geratu ziren hutsik.

“San Sebastian Martxa”-ren doinuekin heldu zen amaiera, etxekoak erasoa eraiki eta Arrojeriak 25-21ekoa sartzen zuen bitartean.