Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Piz Badileren ipar paretaezohiko oihartzuna izaten ari da

Joan den abenduaren 16an, David Hefti eta Marcel Schenk suitzarrek «Nordest Supercombo» sortu zuten. 800 metroko marra gogor zein arriskutsu (M7, R) horrek bi bide lotzen ditu. Bi aste geroago, Ines Papert eta Luka Lindicek lehen errepikapena egin zuten.

Gaston Rebuffat alpinista historikoak Alpeetako sei ipar horma entzutetsuenak lehen aldiz eskalatu zituenetik hamarkada batzuk igaro dira. Xede horretan honako ipar paretak igo zituen: Grandes Jorasses, Piz Badile, Petit Dru, Cervino, Cime Grande di Lavaredo eta Eiger.

Bada, horietako batek, Piz Badilek, azken bolada honetan oihartzun berezia hartu du. Ez da aipatu ditugun ipar pareta horien artean entzutetsuena, ez da mendi garaia (3.308 m), ez dira neguko jardun azpimarragarriak egiten... Baina alpinismorako bere xarma dauka, eta, gainera, azken hilabeteotan ipar pareta horrek oso baldintza onak eskaini ditu.

Eta horren adibide da joan den udazkenaren amaieran zein neguaren hasieran alpinista zailduen agerraldia jaso duela. Simon Gietl hego-tiroldarra eta Marcel Schenk suitzarra Piz Badileko ipar-ekialdeko horman zegoen korapilo bat askatzeko gai izan ziren: “Amore di vetro” (M5, R, 800 m).

Ondoren, abenduaren 16an hain zuzen ere, agertoki horretara itzuli zen Schenk; berriro ere, goi mailako xede bat esku artean. David Heftirekin batera, bi suitzarrok “Nordest Supercombo” sortu zuten; hots, “Cassin” eta “Memento Mori” bideen lotura. Eta emaitza azpimarragarria erdietsi zuten; izan ere, 800 metroko marra horretan M7 zailtasunak gainditu zituzten. Hori guztia gutxi izango balitz, protagonistok onartu dute arriskutsua dela, eta horregatik izotz eta mistoko sormen lan horri R jarri diote. Behin jardun hori egin eta gero, alpinistok hau onartu dute: «Sortu dugun bidea inoiz eskalatu dugun mistoko proposamen onenetarikoa da».

Schenkek onartu du “Amore di vetro” eskalatu ondoren, Piz Badile zelatatzen izan zela: «Oro har, garai horretan Alpeetan elur gutxi zegoen. Cengalotik gertu ikusi genuen horma hori baldintza onetan zegoela. Goizeko lauretan Bondasca haranetik irten ginen. Sasc Furako aterpean, berriz, zapatilak kendu eta mendiko botak jantzi genituen. Hiru egun lehenago ipar ertzean utzitako tresneria berreskuratu eta egunaren lehen argi izpiekin hormatzarrean sartu ginen. Lehen elur aldatsak gainditu eta ‘Cassin’ bidean sartu ginen».

Une horretan benetako eskalada hasi zen. Bi suitzarrok izotz geruza fina zeukaten plakei egin zieten aurre: «Eskalada fina zein arriskutsua zen. Bigarren elurretako zelaira heldu eta zeharka ezkerraldera jo genuen. Goizeko hamaiketan ‘Memento Mori’-ko korridore nagusira iritsi ginen. Han sartu bezain pronto, ohartu ginen bidearen bihotzean edo giltzan sartu ginela. Tarte hori oso tentea da, eta geure konpromiso guztia eskatu zigun. Igo genituen luzeak oso zorrotzak ziren. Bederen, 60 metroko sei luze gogor gainditu behar izan genituen; guretzat M7 zailtasuna zuten. Azken 200 metroak askoz ere lasaiagoak izan ziren. Zati hori ensamblen egin genuen, eta arratsaldeko 16.30ean gailurrean ginen».

Jaitsiera, berriz, gauez egin zuten. Badiletik Punta Sertorira jaitsi eta, rapel batzuk egin eta gero, Cengaloko lepora heldu ziren. Korridorearen 600 metroak jaitsi, beste 150 igo ipar ertzaren oinarrira, eta handik Lareteko aparkalekura abiatu ziren. Autora gaueko bederatzietan iritsi ziren; beraz, 17 orduko joan-etorria izan zen: «Badile egunean egin dugu; harrigarria!».

Lehen errepikapena

Suitzarrek jarduera hori egin eta bi astera (abenduaren 30ean), Luka Lindic esloveniarrak eta Ines Papert alemanak “Nordest Supercombo”-ren bigarren igoera egin zuten.

Azken hilabeteotan, sokada horrek elkarrekin hainbat eskalada bikain egin ditu. Agian, oihartzun handiena izan duena joan den udan Kyzyl Asker median (5.842 m) egin zuten jarduera izan da. Orriotan aipatu genizuen Lindic eta Papertek mendi horren ekialdeko aurpegian bide bat zabaldu zutela.

Elkarrekin beste eskalada batzuk egin ondoren, protagonistok Badilera joan ziren. Papertek adierazi du zorte handia izan zutela: «Mendi horrek neguan jarduera gutxi jasotzen ditu. Suitzarren eskalada irakurri eta gero ohartu ginen ipar horma hori oso baldintza egokietan zegoela. Eta unea aprobetxatu genuen. Eguberriak senitartekoekin igaro behar genituenez, Luka eta biok di-da bateko jarduera bat egin nahi genuen. Eta Badilekoa bikain baino bikainago atera zaigu».

Suitzarrek eginiko jardueraren inguruan, alemanak dio azpimarratzekoa dela: «Gu beti bide berrien atzetik gabiltza. Eta azken hau, errepikapen bat izan bada ere, uste dugu oso aberasgarria izan dela. Suitzarrek txapela kentzeko moduko eskalada egin zuten».

Bide batez, Papertek gehitu nahi izan du ipar horma horretan izaera horretako marra tente bat eskalatzea ez dela egunero lortzen: «Bidean sartu bezain laster, aurrean genuena ez genuen sinesten: bide osoan izotz perfektua! Baldintza perfektuak ziren; Eguberrietako benetako oparia izan zen. Hala ere, aipatu behar dut une batzuetan izotzaren geruza finegia ere bazela; granitozko plakaren gainean milimetro gutxi batzuk besterik ez».

Alpinista esloveniarra eta alemana gailurrera arratsaldeko bostetan heldu zinen. Urtea amaitzeko jarduera borobil bat egin zuten: «2016a Luka eta biontzat bikaina izan da, eta urtea Badileren tontorrean era horretan amaitzea berezia izan da oso. Une horretan azken argi izpiak itzaltzen ari ziren, eta biok ala biok adostu genuen urte honetan beste xede batzuk egingo ditugula elkarrekin. Bide batez esan behar dut une txundigarri hauei esker jarraitzen dugula mendietan eskalatzen».