21 ENE. 2017 HELDUEN LITERATURA Historiaren istorioak Iratxe ESPARZA Historiaren unibertsoaren handitasunean, Gerra Zibil, gerraoste eta trantsiziokoak orain dela gutxiko gertakariak dira eta guztion oroitzapenetan egon beharko lirateke, liburuaren lehenengo orrialdeetan Kirmen Uribek azaltzen duen bezala, orduan jasan zituztenek geure bizitzako istorioa osatzen laguntzen digutelako. Nola irudikatu, ordea, oraindik hain bizirik eta itxi gabe jarraitzen duten iraganeko liskarrak eta mina? Zein estetikaren eremutan mugitu behar da idazlea kontatzen dituen benetako episodioek irakurlearengan arrastoa uzteko? Dagokigun honetan, Uribek familia baten bizitza narratzen du, Letamendi-Urrestitarrena, hari askori lotuta, gainera. Gerra Zibilean hasi eta 2011n bukatzen da istorioa, Euskal Herrian eta atzerrian, eremu pribatuan zein kolektiboan eraikitako faxismoaren kontrako erresistentziaren errelatoa da. Hizkuntza literarioa mailegatzen dio Uribek errealitateari, eta dudarik ez dago liburu honi esker memoria historikoari beste koska bat egiten zaiola. Izan ere, idazleak egindako ikerketa sakonaren bidez, pasarte ugaritan errealitateak fikzioa gainditzen du eta kronika historikoak, eredu dokumentalistara gerturatuz, espazioa irabazten dio arlo literarioari. Sarritan ere, deigarria da nola gidatzen gaituen narratzailearen itzalak, gehiegi, agian, irakurleak galtzen duelako aukera testua askatasunez interpretatzeko. Uribek ematen dizkigun zehaztasunek ez dute uzten zalantzarako izpirik, eta horri gehituko nioke liburuaren azken orrialdeetan egileak berak azaltzen digula zer idatzi duen eta nola ulertu behar dugun. Hala eta guztiz, desberdintasunak daude zati batetik bestera, liburua lau multzotan banatuta baitago: “Lehen zatia. 1927-1943”, non 1937an Karmele Urrestik Ondarroatik Bilborantz ihes egin behar duen familiarekin; Karmele erizain gisa abiatzen da Frantziara eta Txomin Letamendi, tronpeta jotzailea, ezagutzen du. Bestalde, Jose Antonio Agirreren lehendakari zinaren berri dugu. Hortik aurrera, bi planoak tartekatzen dira, eta “Bigarren zatia. 1943-1950” atalean, Caracaseko erbestean jasandakoak eta nazioartean frankismoarekiko hartutako erabakiak dira garrantzitsuak. “Hirugarren zatia. 1953-1979” kapituluan, Uribek berreskuratzen du liburuaren lehenengo orrialdeetan aurkeztutako istorioa, Karmele Urrestirena Caracasera itzultzen denean seme-alabak barneko ikastetxeetan utzita. “Azkena. 2010-2011” zatian, idazlearen hausnarketak eta eskerrak irakur daitezke, baita liburuko pertsonaien datu biografikoak ere. Estetikari dagokionez, euskal literaturaren tradizioaren eragina esanguratsua da batez ere lehenengo zatian Manu Sotaren –burgesiaren seme jakintsu hiritarra– eta Txomin Letamendiren –letoigile baten seme herritarra– arteko elkarrizketa didaktikoak direla eta. Europako kulturaren berri ematen dute, ahaztu gabe euskaldunei buruzko irudi idilikoa, zintzoa, fedeari eta aberriari lotuta; egia da, zenbait pasarte kenduta, protagonisten emozioak eta minaren adierazpenak faltan bota ditudala, haien sentimenduen partaide izatea. Amaitzeko, azken hitza: gizonezko pertsonaiak –Txomin Letamendi, Manu Sota, Jose Antonio Agirre– heroiak dira, eta, eleberriaren hasiera irakurri ondoren, horrek nire igurikimen horizontea desarmatu du Karmele Urrestik protagonismo gehiago hartuko zuelakoan. Esango nuke errealenik errealena izan dela bera, berarekin konektatu dut gehien behintzat, eta, zalantzarik gabe, bizitzaren lubakietan ibili zen emakumea.