21 ENE. 2017 HAUR LITERATURA Ispiluetan islaturik Xabier ETXANIZ ERLE Zail egingo zaio irakurleari, edo liburutegian zein liburu dendan obra honen aurrean jartzen denari, liburuaren gaia edo nondik norakoa asmatzea izenburuari eta azaleko irudiari erreparatuta. Horretarako, kontrazaleko testuari bota beharko dio begirada bat, eta hain zuzen, liburuaren lehen hitzak dira irakurlea bat-batean sartzen dutenak liburuko mamian: «Mutilek deitu didate ‘nexka’ eta ni sentitu naiz baztertuta, eta sentitu naiz triste, oso triste, asto tristea baino tristeago, zeren ni ez bainaiz ‘nexka’. Nola izango naiz ni ‘nexka’. Eta joan naiz errekara negar malkoak isurtzera». Kevin da hitz horiekin istorioan sartzen gaituena eta, oso gainetik bada ere, bullyingaz zein sentsibilitatea edo kuriositatea duten mutilen egoeraz gogoeta egitera eramaten gaituena. Pello Añorgaren eta Jokin Mitxelenaren artean eskaintzen diguten lan honetan ez da gaian sakontzen, Kevinen egunerokoaren paisaia da mutilek egin dioten erasoa (ez fisikoa baina askotan fisikoa baino okerragoa gerta daitekeena); baina horretan sakondu beharrean, pintzelada batzuen bidez mutilaren egoera ezberdinak aurkezten dizkigute, amorruaren ondorioz errekara salto egitea bertako ispiluan ikusten duena apurtu nahian, etxean armairu aurreko ispiluan jartzen dituen mozorro ezberdinak (amarenak eta aitarenak) eta, batez ere, Kevin Aimar bilakatzen denean (futbol jokalaria) nola jotzen duen Marta eta horren ondorioz neskarekin duen jokabidea. Ahozko kontakizunen errepikapena eta erritmoa ageri zaizkigu narrazioan, eta horrek ere lagundu egiten du istorioa korritzen. Testua atsegina gerta dadin, gertakariak bata bestearen ondoren lotura logikoarekin eta modu arinean igaro daitezen. Horri, gainera, gehitu behar zaio narrazioan ageri den ukitu poetikoa, testuaren poetikotasuna. Eta Mitxelenaren irudiak, jakina; hauek ederki islatzen baitute testuak dioena, are atseginago eta ulergarriagoa egiten; informazioa osatuz, irakurlea, ikuslea protagonistaren paperean kokatzen lagunduz. Aitortu behar dut “Ispilutxo” hau sorpresa bat izan dela, tradiziotik edaten duelako (zenbaitetan Edurnezuriren ispiluaren irudia datorkigu; beste batzuetan, aipatu dugun bezala, ahozkotasuna) baina, era berean, generoa, identitatea edo bullyinga bezalako gaien inguruko gogoetara bultzatzen gaituelako. Eta hori dena kontakizun arin eta atsegin baten bitartez. Izan ere, ipuinean planteatzen zaigun bezala, normala ez dena, besteak bezalakoa, mutil indartsu astakilo bat ez dena “inutila” al da? Erantzuna, Kevinek berak ematen digu Marta zauritu ondoren besoetan hartu eta errekara daramanean, bere ispiluaren aurrera berriro joatean, eta han neska sendatu ondoren Martaren malkoetan ikusi duenean benetako ispilua, benetako irudia, aurretik errekako ispiluan edo etxeko armairuko ispiluan ikusi duen irudia benetan osatuz. «Eta honelaxe gertatu da, zeren negar malkoak eraman baitizkio Martari errekak… eta ondo sentitu da, irribarrez. Ni ere bai. Sentitu dut Martaren begiak direla ispiluak, eta bertan islatzen naizela ni, Kevin, naizen bezalakoa, eta ondo nagoela, oso ondo». Eta Marta, azkenik, Kevinen ispilu bilakatu da. «Aizu, ispilutxo, badakizu zurekin ondo nagoela hemen! –Ni ere bai, Kevin –erantzun dit Martak–, ni ere bai zurekin!”