Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Jeff Loweri omenaldia «Metanoia»-ren bigarrenarekin

Abenduaren 29 eta 30ean, Roger Schaeli, Thomas Huber eta Stephan Siegristek duela 25 urte Eigerreko ipar horman alpinista estatubatuarrak bakarka eta neguan zabaldutako bidea errepikatu dute. Protagonistok harrituta daude Lowek eginiko jarduerarekin.

Roger Schaeli, Thomas Huber eta Stephan Siegristek Jeff Lowek Eiger-eko ipar horman zabaldu zuen “Metanoia” bidea gaurkotu dute. Hori ondoriozta dezakegu, besteak beste, goi mailako hirukote horrek marra mitikoaren bigarren igoera egin duelako. Harrigarria bada ere, hori lortzeko 25 urte igaro behar izan dira. Era horretan alpinistok nolabaiteko omenaldia egin nahi izan diote alpinista estatubatuarrari. Izan ere, zur eta lur geratu dira Lowek “Metanoia”-n (VII, 5.10, M6, A4, 1.800 m) egin zuen balentriarekin.

Gogoratu behar dugu 1991. urteko neguan Lowek bederatzi egun behar izan zituela sortze-lan hori egiteko. Jarduera ikaragarri horren inguruan aipatu behar da estatubatuarrak bi hilabete zeramatzala eskalatu gabe eta arazo pertsonal batzuk zituela. Senitartekoek zein haren inguruko lagunek erotzat hartu zuten, baina Eigerretik onik atera zen. Azken urteotan jasaten ari den endekapenezko gaixotasun baten ondorioz, Lowe gurpil-aulki batean dago egun.

25 urte pasatu dira, beraz, “Metanoia”-k bigarren igoera jasotzeko. Nahiz eta Schaeli, Huber eta Siegristek marra hori errepikatzeko bi egun (abenduaren 29 eta 30) soilik behar izan dituzten, aipatu behar dugu ere aurretik bi saio (abenduan bertan) egin zituztela. Baina bietan ala bietan ekaitzek atzera bota zituzten.

Eigerretik jaitsi bezain laster, hirukote horren hitzak Lowe goraipatzeko izan ziren: «Garai haietan Lowe munduko alpinista sasoikoena zen. Bakarrik eta neguan ipar horma horretan sartu eta paraboltik jarri gabe bide ikaragarri bat zabaldu zuen. Paretaren goialdean ekaitz bortitz batek harrapatu zuen, eta gai izan zen handik onik ateratzeko».

Gogoratu behar dugu bere bizitza salbatzeko Lowek bizkar-zakua han utzi eta gora egin zuela. Azkenean, jaitsiera arriskutsua saihesteko helikoptero batek erreskatatu zuen. Estatubatuarraren inguruko “Metanoia” izeneko filma egiteko, duela bost urte Josh Wharton alpinistak marra horren hainbat sekzio eskalatu eta Loweren bizkar-zakua berreskuratu zuen. Baina hainbat talde indartsuren saioak (besteak beste, Ueli Steck-ena) jaso baditu ere, 25 urte eman ditu errepikapenik gabe.

Hirukotearen lehen saioa Eguberriak baino astebete lehenago izan zen. Eta bigarrena, abenduaren 28an. Alpinistok ipar horma hori ondo baino hobeto ezagutzen dute, batez ere Siegrist eta Schaeli suitzarrek. Huber, berriz Loweren “Metanoia”-ren historiarekin harrapatuta zegoen. Alemanak Siegristi xede horretan parte hartzeko gonbita egin zion. Baiezko erantzuna eman eta gero, Schaelik ere bat egin zuen.

Esaterako, Siegristek dio Eiger 37 aldiz eskalatu duela (hiru lehen igoerak) eta “Metanoia” ipar horma horretan egin dituen eskaladen ginga izan dela: «Lowek marra hori zabaldu zuenean, 20 urte soilik nituen. Eta haren gaineko istorioek erabat harrituta utzi naute. Guk A4 graduko sekzio batzuk katu-oinekin igo ditugu; segur aski, plaka horiek Lowek igo zituenean baino askoz ere lehorrago zeuden. Hinterstoisser zeharkaldia, aldiz, Lowek askoz ere errazago igoko zuen, elur eta izotz gehiago izango zuelako. Rogerrek sekzio hori gainditzeko bi ordu behar izan zituen; gainera, eskalada artifizialean eta mistoan igo zuen. Lowek bide hori eta pareta hori bere garaiko tresneriarekin eskalatu zuen, eta uste dut zailtasun horietatik bizirik irtetea krisi sakon batean dagoen batek soilik lor dezakeela».

Schaelik, bere aldetik, honako hau erantsi du: «Eigerren izan dudan abentura handiena ‘Metanoia’ izan da. Loweren aurrean txapela kentzen dut. Zalantzarik gabe, ‘Metanoia’ ikaragarria da oso!».

«Misterioa»

Aipatu dugun bezala, Huber izan da “Metanoia”-ren lerrootako xedearen bultzatzaile nagusia. Schaeli eta Siegrist bildu ondoren, hirukoteak bide zuzen-zuzen horren lehen saioari ekin zion: «Ipar hormaren lehen kontra-horma geure kopetako-argiekin lagunduta eskalatu genuen. Ezkerraldera jo eta artesi zail bat igo genuen. Heckmair klasikoa eta Toni Kurz-en bideak gurutzatzen diren sekziora heldu ginen. Eguneko lehen argi-izpiekin egoera lasaitu zen, eta “Metanoia”-ren sarrerarekin bat egin genuen. Hotz egiten zuen, baina haizerik ez; eguraldi perfektua zen! Erritmo onean gindoazen, baina soka bat trabatu eta moztu egin behar izan genuen. Hinterstoisser zeharkaldian 35 metro egiteko Rogerrek bi ordu behar izan zituen. Une horretan Loweren benetako borrokaz jabetzen hasi ginen».

Ilunabarrarekin batera, hirukotea bigarren izotz zelaira heldu zen. Gaua oso hotza izan zen, eta Huberrek dio ez zutela lorik egin: «Une oro ‘Metanoia’ geure pentsamenduetan zegoen. Biharamunean paretaren lehen zati nagusian jardun genuen. Hurrengo lau luzeetan sokaburu aritu nintzen eta horiek gainditzeko lau ordu behar izan nituen. Murru horrek eskaladaren eite guztiak ditu. Baina garrantzitsuena erorikorik ez izatea zen. Sekzio teknikoak gainditu nituen, baina arrokaren kalitatea txarra zen. Ondoren, pareta tente hori pixka bat etzan egin zen, eta pozik nengoen nik lideratutako sekzio hori ondo atera zelako. Hurrengo helburua erlaitz nagusira heltzea zen, batez ere bibak eroso bat antolatu ahal izateko».

Ondoren, Siegristek hartu zuen eskaladaren ardura. Huber harro zegoen xede horretarako lortutako kideez: «Biek ala biek Eigerren egundoko eskarmentua dute. Bikain jarduten ari ginen. Jeff, berriz, bakarrik zegoen, eta ez dut imajinatu ere egin nahi zer nolako borroka egin zuen. Lortu zuena erabat eromenezkoa da. Stephanek izotzezko zein beltz koloreko arrokazko hainbat luze dotore eskalatu zituen. Erlaitzera arratsaldeko bostetan heldu ginen, baina ohartu ginen bibaka egiteko leku deserosoa zela. Rogerrek eskuinera 70 metroko zeharkaldia egin eta bibak atsegin bat aurkitu genuen. 19.00etan lehen elur malutak erortzen hasi ziren. Pareta guztia zuri-zuri geratu zen, eta, gainera, biharamunean haizete gogorrak iritsi ziren; Eigerren 180 kilometro orduko ufadak neurtu ziren. Negua gainean genuen, eta atzera egin genuen. Zortzi orduko jaitsieraren ondoren, Stollenloch zulora onik iritsi ginen».

Bigarren saioan ere ekaitz batek atzera bota zituen, baina abenduaren 29an behin betiko saioari ekin zioten: «Lehen saioan igotako luzeak igo ondoren, 30ean Stephanek eta Rogerrek luze gogorrak eskalatu zituzten. Jeffek bizkar-zakua utzi zuen lekura heldu ginen, eta ilunabarreko azken izpiekin bidearen azken 20 metroak gainditu genituen. Bide ero batean abentura hotz bat atzean utzi genuen. Une horretan ‘Metanoia’-ren esanahiaz jabetu ginen. Guk 8 milimetroko parabolt bat eta dokumentalerako jarri zen beste bat erabili genituen. ‘Metanoia’-rekin Jeff gai izan zen demostratzeko ezinezkoak diren erronkak bihotzarekin soilik egin daitezkeela. Alpinismoari estandar berriak gehitu zizkion».