Ion SALGADO
GASTEIZ

Otsailaren 9an hasiko da Korrika Kulturala, Kepa Junkera eta Sorginekin

Korrika Kulturala aurkeztu zuten, atzo, Gasteizko Europa jauregian, kultur emanaldien zikloa hasiko den lekuan bertan. Kepa Junkera eta Sorginek emango dute zikloko lehen kontzertua bertan, otsailaren 9an.

Asier Amondo Korrikako arduradunak eman zuen egitarauaren berri. Azaldu zuenez, horren bitartez euskal gizarteari Korrikan zehar egiten duen «esfortzuaren eta lan militantearen atal txiki bat» eskaini nahi diote bueltan.

Hori egiteko modurik onena euskal kultura sustatzea dela esan zuen Amondok, eta Korrika Laguntzaile txartela dutenek Korrika Kulturaleko emanaldietan %10eko deskontua izango dutela iragarri zuen.

Estreinaldien artean Kepa Junkera eta Sorginak taldearen ‘Maletak’ ikuskizunaz gain, bestelako emanaldiak ere izango dira. Mikel Martinez eta Patxo Telleriak osatutako bikote artistikoak, zenbait musikarirekin bat eginda, “Ez dok hiru! Euskal musikaren benetako istorioa” errepasatuko du taula gainean.

Halaber, azken edizioetako arrakasta errepikatu nahi dute “Bertsokorrika” bertso-emanaldi sortarekin, Bertsozale elkartearekin elkarlanean; Kukai dantza taldeak ikus-entzunekoa eta dantza nahasiko dituen emanaldia prestatu du, “Oskara plazara” izenekoa; Beatriz Egizabal ipuin-kontalariak eta Ane Labaka bertsolariak “Erradikalak gara” ikuskizuna ekarriko dute; eta, nola ez, Pirritx Porrotx eta Marimotots pailazoek “Tipi-tapa, Korrika!” eramango dute taula gainera.

Sakelekoetarako aplikazioa

Korrika Kulturalaren agenda osoa bilduko duen sakelakoetarako aplikazioa ere aurkeztu zuten agerraldian. Agendaz gain, 20. Korrika une oro non dagoen jakiteko aukera ere emango du aplikazioak, geolokalizazioari esker. Akting enpresak garatu du, iOS edo Android sistema duten sakelako gailuetarako.

Amaitzeko, otsailaren 11n Korrikaren urteurren festa ospatuko dutela ekarri zuen gogora Amondok, eta euskaltzale eta Korrikaren jarraitzaile guztiak Irungo Ficoba erakustazokara joatera gonbidatu zituen. Gainera, otsailaren 2an Korrikaren dokumentala estreinatuko da Bilbon.

Euskararen aldeko herri lasterketa erraldoia martxoaren 30ean hasiko da Otxandion, eta apirilaren 9an amaituko da Iruñean. “Zirkorrika” izeneko abestiak lagunduko ditu Euskal Herriko txokoak lotuko dituzten lasterkariak. Doinu balkanikoak gogora ekartzen ditu Korrikaren edizio honetako abestiak.