29 ENE. 2017 «Hau da nire ametsen kolorea», mundu onirikora daraman obra Rouge Elea konpainiaren eskutik Zirkuaren mundutik abiatuta, dantza eta musika ere biltzen ditu Rouge Elea konpainia hendaiarraren azken lanak. Frantses bertsioa Senperen estreinatuko da gaur, eta euskarazkoa Biarritzen, martxoaren 22an. Idoia ERASO URRUÑA Corinne Cella dago proiektuaren sorreraren muinean, Rouge Elea konpainiako kideari bere aitak garai bateko filmak eman zizkionean abiatu baitzen dena. Hari horretatik tiraka, familia memoriaren, arbasoen eta oinordetzaren inguruan gogoetatzen du. «Arbasoak amets batean bisitatzen ditu», azaldu zuen Ander Fernandez taldekideak. Mundu onirikora garamatza izenburuak berak ere: “Hau da nire ametsen kolorea”. Joan Miroren obra batetik hartua, kontrastea bilatzen du; «koloreak» aipatzen badira ere, obraren gehiena zuri-beltz eta grisez dago dekoratua. Soka gorri batek eramaten du Cella arbasoen bidean zehar, eta ikuslea gidatzen du. «Lotura ematen du, arbasoen eta historiaren lotura», azaldu zuen hariari buruz Fernandezek, konpainiako musikariak. Zirkua obraren abiapuntu baldin bada, musika eta dantza antzezlanaren oinarriak dira. «Corinne airezko akrobata da, eta bere ariketak egiten ditu, baina ez performance eran, baizik zerbait kontatzeko», azaldu zuen Fernandezek. Narrazio horretan dantzariek gorputz espresioaren bitartez «bidaia sinbolikoan laguntzen dute». Ibilbide horretan mugimendu mota ezberdinak badira, eta intimoekin batera bortitzagoei ere tokia eman diete, sortzailearen aitonaren oroitzapenak baso batean sartzen dituenean esaterako. Musika Fernandezek sortua da: «Garrantzi handia du, soinuek giro ezberdinak sortzen eta publikoa eramaten laguntzen baitute». Sormen prozesuaren parte izan da, «elkarrizketa sortu da musikaren eta agertoki gainean gertatzen ari denaren artean». Ahotsak ere entzuten dira off-ean. Cellaren beraren boza, non bere aitari gutun bat irakurtzen dion, eta horrekin batera bere amari eta ahizpari egindako elkarrizketak ere aditu daitezke. Hiru bertsio Hendaiarra den konpainiak «mugaz gaindiko» izaera bere baitan du, parte-hartzaileak bezala kolaboratzaileak ere Lapurdi zein Gipuzkoakoak dira. Bi lurraldeetako hiru hizkuntzetan bertsioak ditu Rouge Elea konpainiaren sorkuntzak. Hala, aste honetan frantses zein euskarazko bertsioa ari dira aurkezten Hego Lapurdi Hiriguneko ikasleei; publiko zabalarentzat, aldiz, oraingoz frantsesezkoa soilik izango da ikusgai. Euskarazkoa ikusteko martxora arte itxoin beharko da, 22an Biarritzen eta 24an Leioan izango baita, eta maiatzaren 14an Errenterian egingo dute beste emanaldi bat. Gaztelaniazko bertsioa badute, baina oraindik ez dute emanaldirik programatu. ERAKUSKETAObra aurkeztuko den Larreko antzokiaren sarreran erakusketa bat jarri dute, non antzezlana egiteko erabilitako materialak ikus daitezkeen. Ahal den heinean, erakusketa emanaldiarekin batera eraman nahi dute aldiro.