GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Larraldek ez dio Bilbaori inongo aukerarik eman


LARRALDE 40

BILBAO 30


Ezusterik gabe abiatu da Berezkoen Buruz Buruko finalerdietako ligaxka, atzo aparteko arazorik gabe hartu baitzuen mendean Peio Larraldek Bixintxo Bilbao.

Norgehiagokak ez zuen emozio handirik izan. Lehen bi kintzeetako orekaren ostean, Larraldek ihes egin zuen markagailuan, eta hortik aurrera zuen aldea ederki kudeatu zuen. Sakean aldea egin zuen, eta hori amaieran ere nabaritu zen. Tantoak egiteko garaian biak parean ibili ziren, baina Bilbaok gehiago galdu zituen, eta hori amaierako emaitzan nabaritu zen. Joan den astean Superprestigioa irabazi ostean bazegoen Larralde ikusteko gogoa, eta joko berarekin jarraitzen du. Bixintxo Bilbao bera ere goi mailan dago, baina garbi ikusi zen Peio Larralde puntu bat goitik dagoela, eta finalean izateko faborito nagusia bera dela.

Bigarren Mailako finalerdietako ligaxka ere atzo abiatu zen, eta Donapaleun bertan jokatu zen lehen norgehiagoka. Elgartek bikain ekin zion finalerako bideari, atzo 40 eta 26 hartu baitzuen mendean Etxegarai. Lehen hamar kintzeetan berdinketa ugari izan ziren, baina hortik aurrera garaileak ihes egin zuen markagailuan, eta hasieran zirudiena baino askoz ere errazago eskuratu zuen garaipena.

Gaurkoa

Gaur Donibane Garazin  finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldiko bigarren partida jokatuko dute Ducassouk eta Ospitalek. Lehenengoa da faboritoa, ez gaurkoa irabazteko bakarrik, baita Larralderekin batera finalean izateko ere. Ospitalek ez dauka galtzeko ezer, lehen helburua bapo bete baitu, eta ezusteak ematen jarraitzeko prest dago, nahiz eta jadanik finalerdietan izatea ere ez den horrenbestekoa.

Neurketa honen aurretik, ordea, Bigarren Mailakoa jokatuko da, horrela ligaxkako aurreneko jardunaldia amaitzeko. Monze eta Benesse izango dira aurrez aurre.