GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Vicente eta Saralegi hasieratik nagusitu dira

Bi lehengusuek lehen enborretik hartu zuten abantaila eta B multzoko lehenpostua ziurtatu zuten Jon Rekondo eta Julen Kañamares menderatuta.


Iker Vicentek eta Ruben Saralegik irabazi zuten atzo Urrezko Aizkorako Binakako norgehiagoka, eta aldi berean B multzoko lehen fase honetako aurreneko postua ere ziurtatu egin zuten. Atzo, Jon Rekondo eta Donato Larretxearen ordez aritu zen Julen Kañamares hartu zituzten mendean Leitzako Amazabal pilotalekuan. Multzo honetan Rekondo eta Larretxea geratu dira bigarren, eta Otaño eta Lopez hirugarren.

Garaipena lortu zuen bikotea jokatutako proba guztietan atera zen garaile. Hasteko, aizkolari bakoitzak 45 ontzako bana ebaki behar izan zuen, eta Vicentek eta Saralegik euren lana minutu bat eta 23 segundoan amaitu zuten, aurkariei 15 segundoko aldea ateraz. Jarraian, 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta hor ere garaipena lortu zuten bi lehengusuek. Beraien lana minutu bat eta 27 segundoan amaitu zuten, eta aurkariei beste 9 segundo sartu zizkieten.

Ondoren, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtu ziren, eta hor ere hobeak izan ziren Vicente eta Saralegi. Beraien lana 2 minutu eta 34 segundoan burutu zuten, aurkariei 11 segundo gehiago sartuz.

Iraupen probara, Vicente eta Saralegi  ia minutu bateko aldearekin sartu ziren. Han bikote bakoitzak bi kana-erdiko eta lau 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Hor ere bi lehengusuak izan ziren onenak, euren lana 12 minutu eta 11 segundoan amaituz. Rekondok eta Kañamaresek, aldiz, 12 minutu eta 56 segundo behar izan zituzten. Lan guztiak burutzeko, 19 minutu eta 54 segundo behar izan zituzten Saralegik eta Vicente II.ak eta 21 minutu eta 38 segundo, berriz, Rekondok eta Kañamares III.ak.

Harri-jasotzaileen Torneoko lehia, berriz, Eizagirrek irabazi egin zion Otaegiri. Lau harri erabili zituzten, eta bakoitzarekin lanerako bina minutuko txandak izan zituzten. 125eko errektangularra 12 aldiz altxatu zuen Eizagirrek, eta 11 bider Otaegik. 125ko zilindroa, berriz, 13na aldiz berdindu zuten biek. 113ko kubikoa, berriz, 11 aldiz jaso zuen Eizagirrek, eta bat gutxiago Otaegik. Azkenik, 15 jasoaldi eman zizkion zarauztarrak 100eko bolari eta 11 Aizarnakoak. Denera, 51 jasoaldi lortu zituen Eizagirrek eta 47 Otaegik.

Sokatira

Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketako 640 kiloko finalerako Sokarri, Murueta A, Ibarra, Beti Gazte, Zuraide eta Gaztedi sailkatu ziren. Herenegun jokatu zen maila honetako bigarren jardunaldia Idiazabalen, eta horren ostean bi jardunaldietako emaitzak batuta aipaturiko taldeak sailkatu dira. Ñapurrak, Abadiño, Gabadi, Murueta B, Mutriku eta 6 Conceyos geratu dira kanpoan.

Emakumezkoak 405 kilokoan lehiatu ziren, eta bigarren jardunaldia izan zen horretan ere. Hala ere, hiru talde bakarrik ari dira lehian, eta ondorioz hiru jardunaldiko ligaxka jokatzen ari dira. Hemen lehen jardunaldiko emaitzak errepikatu dira. Gaztedi izan zen onena, eta atzetik, Ibarra eta Txantrea sailkatu ziren. Datorren larunbatean jokatuko dira finalak.