Jon LEUNDA
errugbia

Avironek oraindik oso bizirik dagoela erakutsi du

Lapurtarrek 33-23 hartu zuten mendean Brive, eta mailari eusteko itxaropena badute oraindik.

Baionako Aviron bizirik dago oraindik. Top 14an jarraitzea oraindik oso zaila dauka, azkena eta oso atzean geratuta baitago sailkapenean, baina atzo Briveri 33-23 irabazi ostean itxaropena hazi egin da, nahiz eta puntuak launaka batuz jarraitu beharra daukan.

Atzo irabaztea derrigorrezkoa zen, bestela bidea okertu egingo zitzaiolako, eta lapurtarrek ez zuten hutsik egin. Hasieratik zelairatu ziren garaipenaren bila, eta aldeak ateratzeko asmoarekin. Egindako ahalegin handiak emaitza ona izan eta helburua lortu zuten.

Lehen zatian puntuak egitea asko kosta zitzaion Avironi, baina atsedenera 13-6 aurretik joan zen, lehen zatia amaitzear zegoela Le Bourhisek lortutako entsegu bati esker. Du Plessisek, gainera, gauzatu egin zuen. Aurretik zuri-urdinen jaurtitzailea bi zigor-kolpe lortuta zegoen. Bigarren zatian bi taldeek jo zuten erasora, eta jokoa erotu egin zen. Eromen horren barruan Lapurdiko hiriburukoak hobeak izan ziren. Bigarren zatia hasi orduko Du Plessisek egin zuen lapurtarren hirugarren zigor-kolpea eta aldea handitu zuen. Gero iritsi ziren Bustos Moyanoren entsegua eta zigor entsegua, biak Du Plessisek gauzatuak, eta azkenik Avironen jaurtitzaileak laugarren zigor-kolpea gauzatu zuen, partida erabakita utziz. Azken jokaldian kanpotarrek lortu zuten entseguak euren emaitza itxuratzeko soilik balio izan zuen.

Federal 1 Mailan, emaitza txarrak izan dira euskal taldeentzat. Donibane Lohizunek galdu egin zuen etxean 22-23 Oloroeren aurka, nahiz eta defentsako bonusa lortu, eta Angeluk, berriz, 52 eta 27, Rounen zelaian.

Federal 2 Mailan, berriz, euskal derbia jokatu zen Hendaian, Stade Hendayaisen eta Nafarroaren artean, eta garaipena etxean geratu zen, 19 eta 16, nahiz eta Donibane Garazikoek bonusa eraman ahal izan zuten. Maulek, berriz, 26-19 galdu zuen Saverdunoiseren zelaian, bonusa batuz, eta Bokalek 19-3 galdu zuen Lannemezanen zelaian.