Jose Angel ORIA

Maroko erakundean berriz onartzea aztertzen ari da Afrikar Batasuna

Maroko berriz erakundean onartzea aztertzen ari da egunotan Afrikar Batasuna (AB), Addis Abeban egiten ari den goi bileran. Mendebaldeko Sahararen etorkizuna bera ere auzitan ikusten dute begirale batzuek, Rabateko erregimenak egindako mugimenduak ikusita.

Afrikako 53 estatuk eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak osatzen dute gaur egun AB Afrikar Batasuna, 2002an OUA Afrikako Batasunerako Erakundea ordezkatu zuen instituzioa.

Marokoko erresumak 1984an utzi zuen OUA, Rabateko erregimenak ez baitzuen bertan onartu nahi Fronte Polisarioak sortutako SEAD.

Baina geroztik gauza asko gertatu da kontinentean zein munduan eta Mohamed VI.a erregeak Afrikako herrialde guztiak hartzen dituen erakundera itzuli nahi du. Hri lortze aldera, azken hilabeteotan makina bat itun sinatu ditu hainbat herrialderekin, Addis Abebako hitzorduan (atzo hasi zen gailurra gaur bukatzekoa da), nahikoa aldeko boto pilatu nahian.

Orain sei hilabete jakinarazi zuen Marokoko Gobernuak ABra itzultzeko asmoa. Geroztik erregeak makina bat bisita ofizial egin ditu, negozioen bitartez herrialde ezberdinetako agintarien jarrera aldarazi eta Marokoren aldeko botoa eman dezaten. Joan den igandean marokoar diplomazialari batek esan zuen Afrikako 42 estaturen «baldintzarik gabeko babesa» dagoeneko lortua dutela.

Baina Maroko onartzearen aurkakoak ez daude geldirik egoteko eta iragarri zuten borroka arlo juridikora eramateko prest zeudela.

Kontinentean sekulako garrantzia duten Nigeriak, Aljeriak, Hegoafrikak, Kenyak eta Angolak kontsulta ofizial bat egin diote ABri, «Estatu kide baten lurraldea –Mendebaldeko Saharaz– okupatuta daukan» herrialde bat onartzeko modukoa ote den jakiteko. France Presse agentziak herrialde horiek jaso duten 10 orrialdeko erantzunaren berri eman du: «oso funtsezko galdera» dela dio idatziak, baina azken erabakia estatuburuek hartu behar dutela.

Libian Muammar Gaddafi koronela agintetik kendu eta hil zutenetik, Afrikar Batasunak sekulako finantza arazoak ditu, Mediterraneoko herrialde arabiarra oso eskuzabala baitzen erakundearekin. Zentzu horretan, Maroko erakundera itzultzeak sekulako mesedea egingo lioke Batasunari, sahararrei eta nazioarteko justiziari egingo liekeen kaltearen neurrikoa.

 

Jihadisten aurkako borrokako beteranoa, buru

Moussa Faki Mahamat Txadeko Atzerri ministroa aukeratu dute Addis Abebako gailurrean Afrikar Batasuneko Batzordeko presidente berri.

Nkosazana Dlamini-Zuma hegoafrikarra ordezkatuko duen politikariak Saheleko eta Afrikako Erdialdeko herrialdeen babesa zuen. Begiraleek diote gatazkak konpontzeko garaian duen esperientziagatik hautatu dutela txadarra. Bederatzi urte daramatza Atzerri Ministerioa zuzentzen eta horren eraginez inguruko herrialdeetan (Libian, Sudanen, Hego Sudanen, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Malin eta Afrika Erdiko Errepublikan) sortu izan diren gatazkatan esku hartu izan du. Azken bolada honetan Boko Harameko jihadisten aurkako borrokan oso zeregin garrantzitsua izan du Mahamatek eta Txad Lakuaren inguruko herrialdeek Nigeriako iparraldean sortutako talde armatuaren aurka bat egitea lortu zuen. Bere ustez, «terrorismoa» pobreziak eragiten du eta arazo horri aurre egiteko ikasle, enpresari eta irakasleei mugak zabaltzea proposatzen du.GARA