01 FEB. 2017 Emakumezkoen futbola «Lanak eta pazientziak saria izan dute» Eguzkiñe Peñak 94. minutuan egindako golarekin irabazi eta jaitsieratik irtetea lortu du Oiartzunek. Amaia U. LASAGABASTER «Urtarrileko aldapa» esan ohi da, bai, baina Oiartzunek aldapa beherantz ekin dio urteari. Gabonetako etenaldira lau punturekin heldu ondoren, zazpi lortu ditu talde gipuzkoarrak amaitu berri den hilabetean jokatutako hiru partidetan. Zer-nolako turroia jango zuten oiartzuarrek? «Argi dago Gabonetako deskantsua oso ondo etorri zaigula, batez ere burua despejatzeko. Eta badakizu zelako garrantzia duen buruak», azaldu du Eguzkiñe Peñak. «Eta horrez gain, orain arte faltan izan dugun zortea gure alde jarri dela esango nuke. Jokaldi puntual horiek, baloia zutoinetik barrura sartu ala kanpora joan, une desegokienean huts egin ala egokienean asmatu...», dio, zortea «landu beharreko» faktorea dela argi badauka ere. «Dudarik ez, nik beti esaten dut zortea bilatu egin behar dela. Eta guk bilatu egin dugu». Hor datza, izan ere, Oiartzunen erreakzioaren gakoa, aurrelari gipuzkoarraren ustez. Orain arte heldu ez den arren, taldeak etengabe ekin dio «zortea» izateko lanari. Eta batez ere «pazientzia eta konfiantza» izan du, lan horretan «sinistuz». «Futbolean pazientzia eduki behar da eta Oiartzunek jakin du pazientzia izaten. Abuztutik genekien lana oso ondo egiten ari ginela eta emaitzak etorri behar zirela. Egia da heltzen ez direnean zalantzak sortzen direla, buruak batzuetan zure kontra egin dezakeela, baina guk geure horretan jarraitu dugu, lan eta lan». Eta lan horren emaitzak, azkenean, heltzen ari dira. Jokoan zeuden azken bederatzi puntuetatik zazpi lortu ditu Oiartzunek. Ez da bakarrik «zer», baizik eta «nola» ere bai. Partidetako azken minutuetan hainbeste puntu galdu eta gero, Espanyol eta, batez ere, Fundacion Albaceteren aurkako garaipenen golak tarte horretan bertan heldu dira. «Hori baino, taldeak nola jokatu duen azpimarratuko nuke –dio Eguzkiñek, igandean azken istantean ospatutako garaipen horren protagonista nagusia bera izan bazen ere, gola 94. minutuan sartuz–. Zaragozan ere ondo jokatu genuen, baina partida nahiko arraroa izan zen, lesio batengatik minutu asko geldituta egon zela... Eta Espanyolen eta Albaceteren kontra oso-oso ondo egon da taldea, hasieratik garaipenaren bila joanez, ondo defendatuz aurkariek erantzun dutenean, futbolarekin disfrutatzen... Eta gainera, igandean, berdinketaren kolpea jaso ondoren, berriro aurrera egiteko ahalmenarekin... Oso-oso pozik gaude emaitzekin eta partidetan egindakoarekin». Aurkari zuzenak «Zer», «nola» eta «zeinen kontra», aurkakoak ere kontuan hartu behar baitira. Handien kontrako puntuek konfiantza handia ematen duten bitartean, aurkari zuzenen kontra lortutakoek bizitza ematen baitute. Bi garaipen hauei esker, izan ere, Oiartzun jaitsiera postuetatik kanpo dago, hamaikagarren jardunalditik lehen aldiz. «Argi dago, zuk hartzen dituzun puntuak eurek ezin dituztelako hartu. Baina, hala ere, partida guztietara goaz pentsaera berberarekin: gure onena eman, ahal dugun lan handiena egin, garaipena lortzeko asmoz. Goiko aldeko taldeen kontra ere horrela egin dugu. Gero, partidaren arabera, aurkariak ere egiten duenaren arabera, hiru puntu, puntu bakarra edo punturik ez duzu lortuko, baina asmoa, planteamendua, berbera da beti», adierazi du Peñak. Laster helduko zaio Oiartzuni goiko talde gehienen kontra jokatzeko unea. Egutegiko tarte horri –Athletic, Valentzia, Atletico, Levante, UDG eta Bartzelona zazpi jardunalditan– lasaitasun handiagoz ekiteko, bere bolada onari jarraipena ematera behartuta daude Peña eta taldekideak. «Horrela da. Pena bakarra da Liga berriro etetea asteburu honetan, ‘subidoi’ hori aprobetxatzea nahiko genukeelako, baina horrela etorri da. Deskantsatu eta hurrengo astetik aurrera, ibilbide berberetik jarraitzen saiatuko gara Sporting, Tacuense eta Betisen aurkako partida horietan, hurrengoetara konfiantzarekin topera heltzeko». ZELAIA Hurrengo jardunaldiko partida ezohiko jokaleku batean izango dute oiartzuarrek. Nuevo Colombinok historian lehen aldiz hartuko du emakumezkoen futbola: Sporting de Huelvaren eta Oiartzunen arteko neurketa, hain zuzen ere. EMAITZAK Oiartzun ez da erreakzionatu nahi duen bakarra. Tacuensek denboraldiko lehen garaipena lortu du, Betis gaindituz. Azken postuan jarraitzen du, hala ere.