Asier AIESTARAN
PILOTA

Gipuzkoarrek etxean ziurtatu nahi dute txartela

Irribarriak eta Rezustak Donostian jokatuko dute bihar Ezkurdia eta Merino II.a borrokalarien kontra.

Iker Irribarria eta Beñat Rezusta gipuzkoarrek bihar gauean ziurtatu nahi dute finalerdietarako txartela izan litekeen tokirik aproposenean, Donostiako Atano III.a pilotaleku historikoan, hain zuzen ere. Aspekoek zazpi puntu dituzte sailkapenean eta zortzigarrena lortuz gero, lau jardunaldiren faltan hurrengo faserako sailkatuta leudeke.

Aurrean, ordea, aurkari gogorrak izango dituzte: Joseba Ezkurdia eta David Merino. Gaizki ekin zioten lehiaketari, hobera egin zuten gero, eta azkenaldian berriz ere apur bat behera egin dute, azken bi partidak galdu ostean. Hori bai, nafarra eta errioxarra tartean direnean partida luze eta borrokatuak ia ziurtatuta daude: azken jardunaldian, adibidez, 21-22 galdu zuten, eta orain bi aste 22-20.

Hala ere, “ia” hori ipini behar da, izan ere, ligaxkako neurketa bat 22-10 galdu zuten, hain zuzen ere bihar aurkari izango duten bikotearen kontra. Bigarren jardunaldian izan zen, Labriten, eta ordutik ia bi hilabete igaro dira, denbora nahikoa hura ahaztu eta gertatutakoa ez errepikatzen saiatzeko. «Espero dut ostiraleko partidak ez izatea harekin zerikusirik. Orduan gure gainetik igaro ziren. Oso zentratuta atera behar dugu, balio handiko puntua dagoelako jokoan», eskatu zuen Ezkurdiak atzoko material hautaketan.

Ozta-ozta galtzetik datoz

Bi bikoteak azken jardunaldian tanto bakarraren aldeaz galtzetik datoz eta horregatik antzeko irakurketa egin zuten, erakutsitako jokoa balioan ipiniz. «Tanto bakarrarengatik galdu genuen, eta atera behar dugun irakurketa horixe da, ongi lehiatzen ari garela baina ñabardura txikiengatik alde egin digula garaipenak», zioen Ezkurdiak.

«Tolosako partida amaitu bezain laster Beñatek eta biok aldageletan hitz egin genuen. Neurketa bera eta egindako akatsak aztertu. Lastima da 21era iritsi eta garaipena ez lortzea, baina Txapelketa horrelakoa ari da izaten», aipatu zuen bere aldetik Iker Irribarriak, aurreko astelehenean gertatu zenaz. Gainera, lau egun eskasen barruan berriz ere arantza ateratzeko aukera dute: «Gure borrokarekin jarraitu behar dugu. Ahalik eta azkarren lortu nahi dugu zortzigarren puntua, baina ez dugu itsutu behar horrekin. Argi dugu iritsiko dela».

Gipuzkoarrek pilota astunagoak hautatu zituzten (106-106,8-106,9 gramo) eta argi dute erabiliko duten taktika: «Merino maila onean ari da eta Ezkurdia ere bolada onean dago, nahiz eta azken partidetan zorte txarra izan. Gu, beti bezala, atzelaria zigortzen saiatuko gara».

Iruñean ere dena prest

Bengoetxea VI-Larunbe eta Urrutikoetxea-Imaz bikoteek ere atzo aukeratu zituzten pilotak Labriten larunbateko partidarako. Ez zen arazorik izan materialarekin Mikel Larunbek 24 urte betetzen zituen egunean.

Urretabizkaia, debutatzeko prest

Beñat Urretabizkaia, 24 urteko ikaztegietarra, Asegarcerekin debuta egiteko prest dago. Hala ere, bere kasuaren bitxikeria nagusia zera da: ia beti aurrelari moduan jokatu duen arren, Bilboko enpresak atzelari jokatzeko igo nahi duela profesionaletara. Azken orduan aldaketarik ez badago, Tolosan egingo luke debuta inauterietan antolatzen diren jaialdietako batean.

Urretabizkaiak Euskal Herriko Kluben arteko Txapelketa Nazionalaren finala jokatuko du igande honetan Aurrera Tolosako taldearekin. Kolpea eta sakea izan dira beti bere armarik arriskutsuenak, eta badirudi Asegarcek, duen atzelari eskasia kontuan izanda, postu horretan jokatzeko aukera ikusi diola gipuzkoarrari egindako probetan.

Gainera, igandean Alexis Apraizek argi utzi zuen, Euskadi Irratian, kontratua berritzeko esperantzarik ez duela, eta hutsune hori betetzeko hautatua litzateke, seguruenik bi urterako sinatuz.A.A.-J.O.