Amesgaiztoa irribarrez
Loa behar biologikoa da, bizitzaren beraren parte integrala, bizidunaren funtzio fisiko eta psikologikoak berrindartzen laguntzen duena. Eta lo gaudela, amets egiten dugu: ezti, lasai, hanka-besoak luze-zabal, ia irribarrea ezpainetan marraztuta...; eta amesgaiztoak izaten ditugu, zenbaitetan: terrorea, beldurra, ezinegona, tristezia, izerdi hotza...
«Gipuzkoar gehien-gehienok» amets txar horietako batean sartuta ibili gara azken urteetan, ezin esnaturik, hondakinen kudeaketaren auzia dela medio. Sortzen ditugun zabor eta soberakinen banaketa, bilketa eta tratamendua mamutzar bilakatuta, «gaua gauekoentzat eta eguna egunekoentzat» entzun eta begiak irekitzeko kuraiarik ez duen umemokoaren trazan. Ez diot nik; Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Imanol Lasak jakinarazi digu.
Eta amesgaiztotik esnatzen laguntzeko, Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensioren argazkia begien aurrean paratzea beste okurrentziarik ez dute izan. Bai, asteazkeneko lehenengo orrialdera eraman genuen hura.
Gipuzkoa –gipuzkoarron poltsikoak– 32 urte luzerako hipotekatzera datorkigun erraustegiaren adjudikazioaren kontratu, luma eta irribarrearen argazkia. «Porlana, osasunaren aurretik» leloa ezin hobeki laburbiltzen duen irudia. Kameralaria diputatuaren aurrean imajinatzea ere ez da gaitza, «begiraiozu txoritxoari, egin irribarre» aginduz. Eta hark, jakina, irri. Erreparaiozu ondo.
Utziko ote die kontzientziak lasai lo egiten, amets gozo-gozoan murgiltzen, milaka eta milaka gipuzkoarrok gure amesgaiztoa asteazkeneko argazki horrekin hasi zela sentitzen dugun bitartean?