GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Gure puzzlea(k)


Aurreko batean iloba ikusi nuen puzzle bat egiten. Ahal izan zituen pieza guztiak emeki eta goxo elkartu zituen, baina ostera, hatz lodiarekin piezei indar eginez ibili zen kokatzen asmatu ez zituenei tokia egin nahian. Herri honen burujabetza mugimenduaren antolaketan, gu ere urte luzez horrela ibili garela iruditzen zait.

Piezak batzeko arrazoia identitatea zen; euskal herritarra izatea. Horren baitan, herri hau osatzen duten puzzleko pieza guztiak, eragileak eta norbanakoak, arrazoi horren baitan lotzen saiatu izan gara. Zentzu horretan, mahai handi baten moduan ikusten dut gure herria eta aldi berean, mahai gainean puzzle desberdinetako pieza asko eta asko daude, denak nahasiak.

Pieza bakoitza eragile bat da, izan elkarte, sindikatu, maila desberdinetako administrazio, alderdi politiko edo kultur eragilea. Azken batean, piezetako bakoitzak agenda propioa du eta horren baitan, bere agendarekin bat egiten duten beste piezekin batera puzzleak osatzen dituzte. Pieza batzuek arlo instituzionalaren puzzlea osatzen dute eta beste batzuek, sindikatu, enpresa elkarte, pentsiodun eta abarrek, puzzle sozioekonomikoa. Dozenaka dira mahai gainean dauden puzzleak, herriaren aniztasunaren isla.

Eta uste dut, puzzle desberdinetako pieza horiek guztiak elkartzean dugula erronka. Ez nire ilobak indarrez egin moduan; emeki, goxo, elkarbanatuz eta elkarrekin baizik. Behar bezala eginez gero, pieza horiek guztiak puzzle desberdinetakoak izanik ere, elkartzeko aukera izango dute. Hor beraz gure erronka, desberdinen arteko batasuna. Eta hemen piezak elkartzeko argudioa: Euskal Herriko gizartearen bizi kalitatea eta etorkizun duina bermatuko duen oinarrizko adostasun espazioa eta agenda sortzea.

Orain arteko mugimendu independentistak nagusiki identitatearen gaia erabili izan du pieza desberdin horiek guztiak elkartzeko, eta asko elkartzea lortu dituen arren, beste asko ezin izan ditugu lotu. Sarri, nire ilobak bezala, puzzleko pieza ez zegokion lekuan kokatzen saiatu gara, indarrez, piezak nahi ez zuten lekuan sartu nahian.

Inoiz izan gabeko arrazoi objektiboak ditugu gaur egun. Maila desberdinetako krisia bizi du gizarteak: identitarioa, ekonomikoa, soziala, demografikoa... Horrez gain, krisialdi ekonomikoak edota neoliberalismoaren bilakaerak sortutako desegonkortasunek eta saminek populismoa, eskuin muturra, sustatu dute. Horri erantzuteko, alternatiba herritarra da gurean garatu dezakegun erantzunik onena. Hobeto biziko diren pertsonez osaturiko gizartea eraiki nahi dugu, ikuspegi identitario edo historikoaz gain eskubide eta bizi gogoa duen herritargoa garelako. Eskubide demokratiko eta sozialetan oinarria izango duen herria behar du gureak, gehiengoaren beharrei eta nahiei erantzuteko gaitasuna izango duena.

Mahai gainean dauden puzzle anitzetako pieza guztiek, izan instituzio, eragile edo elkarteak, gizartearen bizi kalitatea hobetzeko sortu izan dira, beren artean desberdindu daitezkeen jarrera edota antolaketatik harago. Eta hobeto bizitzeko helburu horren bidez elkartu behar ditugu piezak. Gaurdanik has gaitezke gure herria osatzen duten eragile eta espazio desberdinen arteko sare eta kudeaketa eraginkorragoa bilatzeko asmoa duten neurriak martxan jartzen. Kudeaketa efizienteagoa garatzen dugun neurrian, erakunde desberdinetako harremanak indartzen joan ahala, euskal estatugintza garatzen joango baikara.

Eudel, Euskal Elkargoa eta NUKFren arteko elkarlana martxan jartzeko aukera dago, lurraldeen arteko mugetan dauden herri eta zerbitzuen kudeaketa hobetzeko helburuarekin. Izan hondakin bilketa, gizarte zerbitzuen eskaintza, euskara, turismoa, garapen ekonomikoa zein bestelako zerbitzuak, efizientzia hobetzeko lan egiten has litezke erakunde horiek.

Arlo sozioekonomikoan, enpresa txikien arteko aliantzak sustatu genitzake, merkatu berrietara erraztasun gehiagoz sartu ahal izateko. Horrela, Euskal Herri osoko enpresa eta lantegien arteko elkarlanak, Frantziako, Espainiako edo Europako gainerako estatuetako merkatuetan bide berriak jorratzeko aukerak emango lituzke. Hezkuntza arloan, Hegoaldeko hezkuntza sistemarekin elkarlan sareak sortuz gero, Ipar Euskal Herriko gazteek ez lukete zertan Bordelera joan. Horrela, Iparraldeko euskalduntzean aurrerapausoa emango genuke eta aldi berean, euskaraz formatuak izateko aukera lukete Bidasoaren bi aldeetako gazteek.

Azkenaldian, erabakitzeko eskubidearen aldeko olatuak ari dira sortzen gurean. Baina guk, hobeto bizi nahi dugunok, ez dugu soilik gure etorkizunaz erabakitzeko dugun eskubidea aldarrikatu eta gauzatu nahi, ez. Guk urrunago joan nahi dugu. Erabakia gauzatzerakoan, herri honetako gehiengoak argi eta garbi baiezkoa ematea nahi dugu. Horretarako, baiezko horrek egungo «statu quo»-a baino askoz ere erakargarriago behar du izan, eta zabalduko diren beldurrei aurre egiteko gaitasuna izan beharko du. Alternatiba hori gauzatzen, ordea, berehalakoan hasi behar dugu.

Esaldien bidez baino, egitearen bidez frogatuko dugu herri libre horren proiektua. Praktikaren bitartez konbentzitu behar dugu herritargoa, hots, egunerokoan iritzirik izan ez edota independentziaren aurka agertzen den gizartearen zati handi hori. Eta bide hori egitea guri dagokigu, inori ezer eskatu beharrik gabe, proiektu eta ideia garbien bitartez. Beraz, ekin diezaiogun agenda hori, puzzleko piezen saretze hori, diseinatzeari. Eraiki dezagun sarea, puzzle erraldoia, herri honetan gauden guztiok irabazi ahal izateko.