GARA
BUKAREST

Errumaniako Gobernua larri, ustelkeriaren aurkako protestak direla-eta

Errumanian ez dituzte azken egunotako manifestazioen neurrikoak ezagutu 1989an Gobernu komunista erori zenetik. Asteazkenean 300.000 herritar irten ziren kalera (telebista publikoak 150.000 aipatu zituen) PSD Alderdi Sozialdemokratak osatutako Exekutiboak dekretu baten bitartez makina bat ustelkeria kasu indultatu zituelako protesta egitera.

Liviu Dragnea PSDko burua da dekretuak mesede egiten dion politikarietako bat.

Gobernuak dekretuarekin aurrera jarraitzea erabaki du, nahiz eta herritar asko oso haserre dauden eta atzerrian ere eragile askok salatu duten.

Florin Jianu Merkataritza ministroak kargua utzi zuen atzo, Gobernuak daraman ildoarekin bat ez datorrelako. Mihai Chirica PSDko presidenteorde eta Iasiko alkateak ere dekretuaren aurkako mezuak plazaratu ditu: bere ustez gaia Parlamentuan eztabaidatu behar da, eta adituei zein gizarteari esku hartzeko aukera emanda. Gainera, Chiricak Florin Iordache Justizia ministroaren dimisioa eskatu du, «bera baita egunotako kaosaren erantzule bakarra». Iordachek berak ministro karguaren zereginak utzi egin ditu hilaren 7a arte, aurrekontu proiektua dela-eta «lan askorekin dabilelako».

Klaus Iohannis Errumaniako presidenteak (eskuinekoa eta gai honen inguruan oposizioaren eledun bihurtuta dabilena) Auzitegi Konstituzionalak esku hartzeko eskatu du eta azken erabakia herritarrek har dezatela, horretarako erreferendum bat antolatuta.