Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Kontuz zer kontatzen duzun

Samanta Villar kazetariak liburu bat –“Madre no hay más que una”– idatzi berri du ama izateak nola eragin dion kontatzeko, irakurri nahi duenari aditzera emateko erabat akituta dagoela, ez dela lehen baino zoriontsuago sentitzen, sumatzen duela bere bizi-kalitateak okerrera egin duela eta, batik bat, ez duela topatzen inguruak betidanik promesturiko amatasunaren paradisu zoragarria, edozein sakrifizio fisiko zein mental huskeria besterik ez dela sentiarazteko modukoa. Finean, liburu bat idatzi du bere esperientzia eta ikuspegia partekatzeko, iruditu zaiolako gaiaren gaineko bertsio ofizialetik aparteko bizipenek, eta bizipenon jabeen ahotsek, leku gutxiegi dutela oraindik ere jendartean. Idatzi du, besteak beste, larru jotze sinpleaz haragoko haurrak izateko modu baten inguruko zailtasunak, kezkak, frustrazioak… aletzeko, emakumeoi atsedenik gabe inposatzen zaigun amatasunaren mitoak, edota horretarako bidea, desmitifikatzeko. Idatzi du beharra sentitu duelako, eta gogoak eman diolako, zer demontre. Bada, amatasun santuari berau deseraikitzeko heltzeaz batera gertatu ohi den bezala, kritikariak tropelean etorri zaizkio gainera kazetariari: batzuek zuzenean eraso dute, adjektibo polit andana eskainiz (berekoia, nagusiki) eta adin txikikoen zaintzaz arduratzeko haren gaitasuna kolokan jarriz; beste batzuek, intelektualki finago, artikuluak idatzi dizkiote aurpegiratzeko jakina dela ama izatea gogorra dela, jakina dela emakumearen bizimoduan eragiten duena, jakina dela ama-mota asko daudela eta batzuk txoriburu eta arduragabe hutsak direla, jakina dela garai honetan amatasun berantiarrak txorta erraza ez bestelako metodo konplikatuago eta garestiagoak eskatzen dituela, eta Internet horien gaineko blog, erreportaje eta enparauez beteta dagoela. Alegia, idatzi diote ulertarazteko bere liburua ez zela beharrezkoa, bere ikusmoldeak eta esperientziak baliogabeak direla, eta bere kritika infantila bezain apetatsua.

Bost axola, ordea, psikologoen kontsultategiak, hedabideak eta eleberriak gurasoek seme-alabei eragindako traumez betetzen baditugu; azken finean, guk ez genuen eskatu mundura ekartzea. Hori bai: ezta okurritu ere zuri, ama hori, desiratuak izan arren seme-alabek eragindako ezer ez-perfektua, are gutxiago txarra, airatzea. Arriskua dago emakume gazteagoek irakurtzeko, haur-nahia indargabetzeko, jendarte patriarkal honen oinarri funtsezkoa arrakalatzen hasteko… zure erruz, berekoi halakoa.