Jon LEUNDA
PILOTA

Ospitalek ez du etsitzen

Atzokoan ere ez zen irabazteko faboritoa, baina aurreikuspenak hausten jarraitzen du, eta oraindikBerezkoen Buruz Buruko finala jokatzeko itxaropenei eusten die, nahiz eta ez duen erraza izango.

OSPITAL 40

BILBAO 29


Ospitalek aurreikuspenak hausten jarraitzen du, eta atzo ere horixe egin zuen. Waltariren aurka lehen faseko azkeneko partida irabazteko ez zen faborito, baina garaipena lortu zuen, Superprestigioan egin zuen bezalaxe. Atzo Bilbaoren aurka irabazteko ere ez zen faborito, berriro ere dirua aurka izan zuen, baina aurreikuspenak hautsi eta garaipena lortu zuen.

Ondorioz, Ospitalek finalean izateko itxaropenari eusten dio oraindik, baina horretarako azkeneko jardunaldian Larralde menderatu beharra izango du eta hori ez du batere lan samurra izango. Bilbaok, aldiz, ez dauka finalean sartzeko inongo aukerarik.

Ospitalek trinketeko pilotari bikaina dela erakutsi zuen atzo. Lehen kintzetik atera zen agintzeko asmoz, eta horixe egin zuen. Aldeak hasieratik zabaldu nahi izan zituen, baita lortu ere, nahiz eta Bilbaok erreakzionatu eta 11-11 jartzea lortu zuen.

Hortik aurrera Ospitalek astindua eman zion Bilbaori. 10-3ko partziala lortu zuen 21-13koa markagailuan jartzeko, eta hor ez zuen barkatu. Garaipena lortu zuen pilotariak ederki kudeatu zuen norgehiagoka behin aurretik ongi jarri zenean. Sakearekin hobeto aritu zen, jokoan kintzeak ere ederki amaitu zituen, eta galdu, berriz, oso gutxi galdu zituen. Azkenean aurkariak baino joko erregularragoa erakutsi zuen, eta oraindik finalarekin amesten jarraitzeko moduan dago.

Bilbaok, aldiz, ezin izan zion aurkariaren jokoari buelta eman. Sakearekin bikain aritzen den pilotaria izan arren, atzo ez zuen asmatu, eta hor ere joan zitzaizkion irabazteko aukerak. Battitta Ducassouren aurkako partidan ohorea besterik ez du izango jokoan.