Bidazi eta Biotzez, hurbilekoa pizten
Diotenez, jaten ditugun elikagaien %95 kanpotik datoz. Ez dakigu non eginak diren, are gutiago nork eta nola. Beraz, ez daude gure esku. Gainera, saltoki handietara joaten garenean posible da inorekin solastatu gabe erostea. Dena sar dezakegu saskian (guztia baitago apaletan, sasoikoa izan ala ez), eta gero guk geuk ordain dezakegu kutxa automatikoan.
Salerosketa mota hori hagitz zabaldua dago gurean, baina horrekin batera (edo horren aitzinean) hedatzen ari diren bertze egiteko modu batzuk ekarri nahi ditut hona. Gero eta gehiago estimatzen ditugu produktu ekologikoak eta hurbilekoak. Poliki-poliki ikuspegia aldatzen ari gara, galdutako balio batzuk berreskuratzen, eta horrek aukera politak irekitzen ditu.
Adibide ederra dira Bidazi eta Biotzez elkarte ahizpak. Bidasoaren urek bustitzen dituzten inguruak hartzen ditu lehenak, Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoakoak; bigarrenak, hego Lapurdin eragin nahi du. Biek eskaintzen dituzte hurbileko elikagaiak, bertako ekoizleenak. Eta, osasuntsu jateaz gain, tokiko ekonomia pizten dute. Baita harremanak ere. Bidaziren azoka elkargunea da, sentsibilizatzeko eta formatzeko ideiak egosten diren lapikoa. Crowdfunding kanpaina bete-betean dago orain, bultzada baten premian. Biotzez jaioberria da, bazkideak elkar ezagutzen ari dira eta zabaltzeko unean daude.
Izenari segituz, bihotzez ari dira, aldaketa soziala gure baitatik hasten dela eta kontsumitzaile bezala botere ikaragarria dugula transmititzen. Nahi duenarentzat hortxe aukera. Irekia dago saskia. Gure eskuetan.