Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Bele beltzak

Lucky Lucken marrazki bizidunetan ikusi izan dugu, hilotzen gurdian buru. Edgar Allan Poeren poema ilunetan leitu ere bai, herioren itzal iluna bueltan dela.

Inguruotan, lehen beste «lagun» batzuei bele beltzak deitzen zitzaien, seguruenik uniformearen kapa beltzak inspiratuta jarritako ezizena. Guardia Zibila. Goian aipatutako zenbait hitz ere atxikiko genizkioke euskaldunok benemérita-ri: heriotza, beldurra, zentsura, lapurra.

Batzuentzat heroi (zenbat eta nortzuk dira?) eta besteontzat ikara. Noizbait kontatu beharko dugu guk denok ere Guardia Zibila zer izan den eta den Euskal Herrian. Bere ibilbidea zuritu eta bizikidetzaz mintzatu nahi diren honetan, kontatu beharko dugu hemen zibiletik gutxi izan dutela azeitunoek; ez direla izan jefe Wiggum tripontziak. Umetatik ikusi ditugula gure herrietako errotondetan hortzetaraino armaturik, bortizkeriaz erregistroak egiten. Kontatu beharko dugu Intxaurrondo aipatu eta zirrara hotz batek zeharkatzen digula gorputza. Kontatu beharko dugu 2.300 pertsona baino gehiago torturatu dituztela, batzuk heriotzaraino. Kontatu beharko dugu Estatu espainolak hemen nork agintzen duen argi uzteko erabili duen indar militar nagusia izan dela eta dela, horrek esan nahi duen guztiarekin.

Batzuentzat ikara, besteentzat heroi. Javier de Andres Espainiako Gobernuaren ordezkari berriak lehengoaren lepotik burua, Euskal Herrian guardia zibil gehiago behar dela esan du. Non eta Europako polizia ratio handiena duen lurrean. Noiz eta euskal herritarrok bakean bizitzeko gogo bizia azaldu dugunean. Noiz eta Ertzaintzaren LEPa errekurritu duenean bere delegaritzak. Herri honek sistematikoki interbenitua izaten jarraitzen du eta bele beltzek bertan jarraitzea nahi dute hemen nork agintzen duen argi uzteko: orain inoiz baino gehiago.

Beraz, inoiz baino ozenago aldarrikatu behar dugu joateko garaia dela, bake garaia delako. Euskal gizartearen gehiengoak bat egiten duen aldarria da, Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernutik hasita. Eta polizia ereduari buruzko debatea zabaldu beharra dago fase historiko hau behin betiko ixteko.