Ruben PASCUAL
Kazetaria
IKUSMIRA

Urquijoren bide traketsari eutsi dio De Andresek

Pentsatzen jarrita, kosta zait kalkulatzea egutegiari zenbat orri erantzi ote dizkiogun Eskorbuto «mucha policía, poca diversión» kantatzen hasi zenetik. Orduko kontzertuetan tximak sutsuki astintzen zituztenetako askok honezkero zer orrazturik ez dutela izango ere etorri zait burura. Zinez aldatu da Euskal Herria urteotan guztiotan, egia da, baina abesti hartan esaten zenak oraindik ere zentzu handia dauka gurean.

Kargua estreinatu berritan, guardia zibil kopurua areagotzeko eskaera egitea besterik ez zaio otu Javier de Andres Gobernu espainolaren EAEko ordezkariari, Carlos Urquijoren bide traketsari jarraiki, hala dagokien lana «errazago» egingo luketela argudiatuta. Horixe besterik ez genuen behar. Guardia zibil gehiago. Hemen. Euskal Herrian, 100.000 biztanleko polizia ratiorik handienetakoa duen herrian. Delitu tasarekin inolako harremanik ez daukan proportzioa. Errealitatearekin berarekin loturarik ez daukana.

Azal diezaiela De Andresek hilabete amaierara iritsi ezin direnei (batzuentzako 30 egun ditu hilabete amaierak), negua berogailua ezin piztu ematen dutenei edota aitona-amonen pentsioarekin mirariak egin behar izaten dituzten familiei guardia zibil gehiago edukitzea dela lehentasuna. Irakasle, erizain eta bestelakoen beharra indar berarekin defendatuko balute...

Egon badauden arrazoi ekonomiko horiez gain, ez dator gaizki gogoratzea beraien presentziak ez duela segurtasunari lotutako inolako arrazoirik. Erabaki eta jarrera politiko huts bat da. Hortaz, herri honek ez ditu behar; are gehiago, ez ditu nahi.