GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Aldatu da joaira, baina joera...


Norbaitek (James Mattis, Defentsa idazkari berria eta, bere ezizenak besterik pentsarazten badu ere, militar burutsu eta eskarmentuduna denaren izena bururatzen zait niri), agidanez, ulertarazi dio Trumpi –eta Tillerson Estatu idazkari berriari– Txinarekin bete-betean talka egiteko joaira arriskutsuegia dela une honetan Estatu Batuentzat.

Beharbada, mapa egoki samar baten aurrean ipini eta erakutsi die 2.000 itsas milia daudela Guametik Spratley irletara; haietatik Hainan uhartera daudenak baino lau aldiz gehiago. Eta Guametik Estatu Batuetara zer-nolako putzua dagoen... Hainan ondo-ondoan Txina osoa dagoen bitartean. Oso egoera aldrebesa dela, beraz, Txinak hegoaldeko itsasalde hartan eraiki berri dituen irlatxoetarako bidea ixten hasteko...

Gertatua gertatu, agintea hartu eta hiru astera Trumpek Xi Jinpingekin hitz egin du. Mantso eta nahiko luze, gainera; ez beste batzuekin bezala. Eta solasaldian, merkataritza-gerraren mehatxurik ez egiteaz gain, Txina Bakarraren irizpide funtsezkoa aintzat hartu du Twitterreko erregeak... duela hilabete adierazten zuenaren kontra.

Bitarte horretan, bisitaldi luze-zabala egin du Mattisek Hego Korea, Japonia eta Taiwanera, segurtasunak emanez (ozenki) eta jarrera-ikuspuntuez itaunduz (ahapeka). Tentsioak biderkatzeko guraririk ez duela aurkitu, ematen du. Eta esan liteke betiko (hau da, Obamaren aldiko) jarraibidea sagaratu dela administrazio berrian ere: AEBen eta Japoniaren arteko aliantza lehentasunezkoa da; Hego Koreak erabateko babesa du...

Agintean zoroenak ere zuhurtu egiten direla erakusten duela horrek esango dit edozeinek. Litekeena. Baina Trumpen ondo-ondoan jarraitzen du S. Bannon-ek. Historiaren halabeharrez Txinarekiko gerra bat ezinbestekoa eta, gainera, komenigarria dela Estatu Batuentzat deritzon zoro horrek.

Eta okerragoa dena: horrelako zerbait behar politikoa izan daiteke Trumpentzat hilabete gutxi barru.