GARA
BAZTAN

Garbiñe Elizegi kondenatu dute Aroztegiari «pelotazo» deitzeagatik

Iruñeko epaitegiak Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohia kondenatu du Aroztegiko proiektua «pelotazo espekulatiboa» eta «pelotazo urbanistikoa» dela errateagatik. Hala, Palacio de Arozteguia S.L. enpresaren «ohorea kaltetu» duela ebatzi du epaileak. 1.000 euro ordaintzera behartuko du.

EH Bilduk jakinarazi du epai honen kontrako helegitea jarriko duela eta oztopo guztien gainetik herritarren borondatea defendatzen segituko duela. «Pelotazo» hitzari buruz, hala galdetu du: «Nola deitu behar diogu 530.000 euro inguru balio zuen lur bat 36 milioi inguruko balioa izatera pasatu izana?».

Koalizioak adierazpen askatasunaren kontrako eraso larritzat jo du epaia. «Hondamendira eramaten gaituztenak inpunitate osoarekin jokatzeko aurrekari ikaragarria da ordezkari politikoak herritarren borondatea defendatu eta pelotazo urbanistikoak salatzeagatik zigortzea». Bereziki larria deritzo fiskala enpresaren demandaren kontra agertu arren epaileak haren «ustezko ‘ohorea’ adierazpen askatasunaren aitzinetik» jartzea.