Asier AIESTARAN
Txirrindularitza

Kristoffen urteko bigarrena

Besseges-en lortutako garaipenari jarraipena eman dio Omango lehen etapan. Boonen erori egin zen.

Alexander Kristoff norvegiarrak esprintean irabazi zuen Omango Itzuliaren lehen etapa, 176,5 kilometro Sawadi Beach eta Naseem Park artean, eta bera da probako lehen liderra. Katusha taldeko txirrindulariak Kristian Sbaragli (Dimendion Data) eta Sonny Colbrelli italiarrei hartu zien aurre azken txanpan, denboraldiko bigarren garaipena ospatzeko –Besseges-en lortu zuen lehena–, Omango Itzulian lortzen duen bosgarrena jada.

«Banekien esprint estua izango zela. Haizeak gogor jotzen zuen eta gurpilean joateak babes nabarmena ematen zuen, horregatik zabaldu naiz ezkerraldera inor nire atzean ez jartzeko», azaldu zuen irabazleak, eroriko arriskutsu bat izan zuen lasterketaren amaieran. Hain zuzen ere, garaipena borrokatzeko faboritoetako bat izan zen kaltetuenetakoa: aurten Paris-Roubaix ostean erretiratuko den Tom Boonen flandriarra.

«Eskuinaldean eroriko bat ikusi dut, eta gero esan didate bera zela [Boonen]. Pena da, bere taldeak [Quick Step] lan eskerga egin duelako egun osoan gurekin batera, baina uste dut ez duela zauri larririk eta ziur beste etaparen batean ere garaipena lortzeko aukerak dituela», gehitu zuen Kristoffek Booneni buruz galdetu ziotenean. Maillota apurtuta eta zauri batzuekin amaitu zuen, baina badirudi gaur irteeran egongo dela.

Amaierara iritsi aurretik, bost lagunek osatutako ihesaldia izan zen jardunaldiko protagonista nagusia. Larry Warbasse (Aqua Blue Sport), Aime De Gendt (Vlaanderen), Alan Marangoni (Nippo), Giuseppe Fonzi (Wilier) eta Christophe Masson (WB Veranclassic) izan ziren ia etapa hasieratik aurrera jo zutenak, baina azkar ikusi zen esprinterren taldeek ez ziotela aukerarik emango boskoteari. Tarte handiena lau minutukoa izan zen, baina 50 kilometroren faltan jada minutu eskasekoa izatera pasatu zen.

Haizeak ere gogor jo zuen azken kilometro horietan, eta horrek ere ez zien gehiegi lagundu ihesaldiko txirrindulariei. Azkenean hamar bat kilometroren faltan harrapatu zituen ihes egindakoak tropelak, eta azken esfortzu horretan Kristoff nagusitu zen Sbaragli eta Colbrelliren aurretik. Sailkapen nagusiari begira, De Gendtek bere saritxoa izan zuen bonifikazioei esker eta hirugarren dago.

Gaur bigarren etapa korrituko da, 145 kilometro Nakhal eta Al Bustan artean.

Andaluziako eta Algarveko itzuliek exijentzia igoko dute gaurtik aurrera

Urtea aurrera doan heinean Europako txirrindulari itzulien maila ere gora doa, eta gaur hasiko dira exijentzia hori nabarmen igoko duten bi proba: Andaluziako 63. Itzulia eta Algarveko 43. Itzulia, eta bietan euskal txirrindularien parte-hartzea oso zabala izango da.

Andaluziako lasterketak bost etapa izango ditu gaur hasi eta datorren igandera bitartean: Rincon de la Victoria-Granada (155 km); Torredonjimeno-Mancha Real (177 km); Lucena-Lucena (11 km, erlojupekoa); La Campana-Sevilla (179 km); eta Setenil de las Bodegas-Coin (151 km). Badirudi proba erabakiko duten bi etapak biharkoa –Peña del Aguilako igoera gogorrean amaituko da– eta etzikoa –erlojupekoa motza izan arren– izango direla batez ere.

Irteeran izango dira itzuli hau lau aldiz (2012, 2013, 2014 eta 2016) irabazi duen Alejandro Valverde (Movistar) edota Alberto Contador (Trek), bi faborito aipatzearren. Euskaldunak berriz ia 20 izango dira: Gorka Izagirre eta Victor de la Parte (Movistar); Mikel Landa, David Lopez eta Mikel Nieve (Sky); Markel Irizar eta Haimar Zubeldia (Trek); Jon Ander Insausti (Bahrain); Romain Sicard (Direct Energie); Alex Aranburu eta Jon Irisarri (Caja Rural); Garikoitz Bravo, Mikel Bizkarra, Beñat Txoperena, Adrian Gonzalez, Pello Olaberria, Gotzon Udondo eta Aitor Gonzalez (Murias); eta Ibai Salas (Burgos).

Portugaleko probak ere bost etapa izango ditu: Albufeira-Lagos (180 km), Lagoa-Foia (189 km), Sagres-Sagres (18 km, erlojupekoa); Almodovar-Tabira (203 km); eta Loule-Malhao (179 km). Etapa erabakigarriak biharkoa –Foiako igoera–, etzikoa –erlojupekoa– eta igandekoa –3 kilometroko aldaparekin– izango dira. Faboritoen artean Dan Martin (Quick Step) edo Tony Gallopin (Lotto Soudal) aipatu daitezke. Euskaldunak: Pello Bilbao (Astana, 1 dortsala); Jonathan Castroviejo (Movistar); Omar Fraile (Dimendion); Jonathan Lastra, Josu Zabala (Caja Rural); Victor Etxeberria eta Xuban Errazkin (Boavista).A.A.