Arria V.ak erronka eta helburu handiak jarri dizkio bere buruari
Arria V.ak marka pertsonal handi bat egin nahi du, eta horretarako eguna jarrita dauka. Apirilaren 30ean egingo du Azpeitiko zezen-plazan, eta bertan aurrena 20 kana-erdiko ebaki eta ondoren 20 kilometro egin beharko ditu korrikan.
Errezildarrak atzo sinatu zuen akordioa Peru enpresarekin; horren arabera, ahalegina egite hutsagatik 3.000 euro jasoko ditu, eta beste 3.000 euro jasoko lituzke lanak 2 ordu eta 10 minuturen azpitik egingo balitu. Marka, hori izango litzateke beretzat, eta hori eginez gero, 6.000 euro jasoko lituzke denera.
Arriak, azaroan jokatu zuen apustua, lan bera eginez, eta orduan Jauregi eta Kañamares izan zituen aurrean. Berak, lan hauek bi ordu 12 minutu eta 53 segundoan egin zituen. Orain bi minutu eta 53 segundo gutxiagoan egin nahi ditu, gutxienez. Atzoko prentsa agerraldian, errezildarra oso eskertuta agertu zen Peru enpresarekin, lan hau egin ahal izateko jarri dizkion aukera eta baldintzengatik.