Amalur Artola
Kazetaria
IKUSMIRA

Bezero ala erabiltzaile?

Banketxean izan naiz aste honetan. Komisioak kobratzen hasi behar dutela eta, ea kontua zertan den argitzeko intentzioz joan naiz. Nik ahoa ireki aurretik ireki du berea «nire» kudeatzaileak: ea nomina helbideratuta dudan, asegururik, hipotekarik, internetez eragiketarik egiten dudan, hiru hilabetean gutxienez sei helbideratze... Kopeta zimurtzen hasi denean aprobetxatu dut galdera egiteko, ea zergatik hasi behar duten orain komisio gehiago kobratzen, eta han hasi zait, Euriborra gora, Europa behera...

Ulertu dudanaren arabera, Europatik iritsitako «agindua» omen da. Estatu espainoleko bankuek beste estatuetakoek baino komisio gutxiago kobratzen omen dute, eta diru gehiago biltzeko «presioa» omen dute. Mozkin horiek lortzeko “bezero” eta “erabiltzaileen” arteko ezberdintasuna egingo dute. Lehenak lirateke baldintza jakin batzuk betetzen dituztenez komisiorik kobratuko ez zaienak. Bigarrenak, haiek ezarritako gutxiengoa bete ez eta bankuan kontua izateagatik bakarrik hiru hilean behin 12 euro kenduko zaizkienak.

Kudeatzailea kopeta zimurtzetik “uffff” egitera pasa bada ere, azkenean lortu du ni “bazkide”-tzat har nazaten. Eskerrak ematea nahi zuen sentsazioa izan dut. Baina ez dut halakorik egin, ekonomiaz askorik ulertzen ez badut ere alderdi gizatiarretik begiratuta ondorio argia atera dudalako: “bezero” izateko baldintza beteko ez dutenak diru-sarrera gutxien duten pertsona horiek izango dira, alegia, banketxeak mozkin beharrean dagoenean betikora jotzen duela, gehien duena saritzera eta gutxien duenak oraindik gutxiago izan dezan bere ekarpentxoa egitera.