GARA
DONOSTIA

Osakidetzak 4.742 ebakuntza gehiago egin ditu

2016ko bere balantzean, aurreko urtean baino 4.742 ebakuntza gehiago egin zituela nabarmendu du Osakidetzak. Orotara 122.791 kirurgia-operazio egin zituen, horietako %62 anbulategian, ospitaleratu gabe.

Ospitaleko larrialdiei dagokienez, milioi bat pertsona inguru artatu zituzten (2015ean baino 300.000 gehiago). Horietatik 600.000k baino gehiagok patologia arina eta oso arina zuten.

Lehen Mailako telefono-kontsultak egindako kontsulta guztien %21,5 dira. Lehen Mailako eta Espezializatutako profesionalen arteko bertaratu gabeko kontsultak, aldiz, 83.000, aurreko urtean baino %30 gehiago.

Era berean, Osakidetzak jakinarazi duenez, etxeko ospitalizazioaren bidez 12.503 paziente artatu ditu beren etxeetan. Jarduera hori 445 oheko ospitale baten baliokidea da.

Datu horiekin guztiekin, Osakidetzak lider izaten jarraitzen duela azpimarratu du, bai populazio-programetan bai transplanteetan, «biztanleen eta bertako profesionalen konpromisoari esker».

Erantsi du aurrez aurrekoa ez den arretaren alde egiten jarraitzen duela (Osarean-en bidez), asistentzia-jarraipenerako konpromisoaren barruko arreta osagarri gisa. Osasun-batzordeak 61.109 kontsulta egin ditu kronikoen jarraipenean.

Teknologia berrien erabilera ere sustatzen du, pazienteen irisgarritasuna eta ahalduntzea areagotzeko. Hala, 1.800.000 hitzordutik gora hartu dituzte pazienteek webgunearen bidez, 2015ean baino 205.979 gehiago.

Osasun Karpetari dagokionez, %72 gehitu dira kontsultak. 200.000 sarrera izan ditu eta 43.000 pertsona baino gehiago sartu dira eskaintzen duen zerbitzu-zorro zabalean. Proiektu dinamiko eta irekia da Osasun Karpeta. Gaur egun, hauxe kontsulta daiteke bertan: historia klinikoa, ospitalizazio-txostenak, larrialdiak, proba osagarriak eta egindako kirurgia-operazioak. Medikuaren eta pazientearen arteko komunikaziorako tresna ere bada; elkarri mezuak bidaltzeko balio du.