Klasikoetara hurbiltzeko
Aurreko urtearen amaieran “Mini klasikoak” saila plazaratu zuen Erein etxeak. Bromera argitaletxe valentziarrak eginiko saila Gerardo Markuletaren itzulpenari esker eskaintzen digu Donostiako argitaletxeak orain euskaraz. Sailak hamar liburu biltzen ditu eta izenak berak dioen bezala, klasikoak dira guztiak (“Odisea”, “On Kixote”, “Frankenstein”, “Romeo eta Julieta”, “Altxorraren uhartea”, “Gulliver Liliput-en”…) eta bertsio oso-oso laburtuetan. Alde horretatik, apustu edo arrisku handia hartu dute liburuen moldatzaileek ehunka orritako istorioak bizpahiru folio baino gutxiagotan laburtzeko.
Klasikoen moldaketek beti izan dute alde ona eta txarra; ona istorio horietara hurbiltzen gaituztela eta istorioen nondik norakoak ezagutarazten, kultura komun hau zabaltzen dutela; elkarren berri izateaz gain, inguruko herrialdeekin batera gizarte komun bat eraikitzen laguntzen dutela, alegia.
Victor Hugoren protagonista honen inguruan, esaterako, ideia bat egin daiteke istorio mini hau irakurriz. Katedralaren atarian abandonaturiko ume itsusi eta konkordunaren istorioa; Frolok, katedraleko arduradunak, nola zaindu zuen eta baita arazoetan sartu ere neska dantzari bat bahitzeko eskatzean… eta azkenik, Quasimodo (horrela du izena konkordunak) eta Esmeralda dantzariaren arteko maitasun istorio tragikoa. Hortxe, hitz gutxitan, klasiko honen argumentua. Eta istorio hori ilustratzaile baten irudiekin osatuta (kasu honetan Noemi Villamuza; beste batzuetan Oscar T. Perez, Teresa Ramos, Laura Perez Ganell…).
Moldaketek, baina, badute beren alde txarra ere. Ondo eginez gero istorioaren nondik norakoa ulertzen laguntzen dute eta argumentua ezagutzen; hala ere, nobela (gehienetan nobelen moldaketak izan ohi direlako) ikaragarri pobretzen dute, deskribapenik gabe, gogoeta eta sentimenduen kontakizunik gabe, bigarren mailako istorioak desagertuta… irakurleak irakurketan izan ohi duen gozamena galdu egiten da.
Baina, horrez gain, moldaketa hain handia izanik zenbaitetan irakurleak irabazi baino galdu egin duela senti dezake. Horixe gertatu zaigu “Tirant zuria”, “Altxorraren uhartea” edo “Munduaren itzulia 80 egunetan” lanekin esaterako. Hirurak abentura pilaketa azkarrak dira, hainbat eta hainbat gertakari, istilu, borroka,… di-da batean ikusiak (edo irentsiak moldaketa prozesuan); nork ez du gogoratzen, bestela, Jules Verneren nobela ezagunean nola salbatu zuten Phileas Foggek eta konpainiak Aouda gaztea? (“Berehala, adar batzuk erre zituzten, kea sortzeko asmoarekin. Eta kearen erdian… –Erasora! –oihukatu zuen Passepartoutek.
Oihuka eta kolpeka, ustekabean harrapatu zituzten gaizkileak. Orduan, Phileas Foggek hindua zegoen lekuraino eraman zuen Aouda gaztea. Eta ziztu bizian egin zuten ihes, elefantearen gainean trostan.”)
Eskertzeko da, beraz, gure inguruko kulturetako hamar obra hauek euskal irakurleei eskaintzeko egindako apustua; tematika, estilo eta jatorri oso ezberdineko obrak. Eta eskertzekoa liburuen edizio txukuna, itzulpen egokia eta irudien aldetik kalitatezko lanak izatea. Moldaketen mailari berriz, Bromera argitaletxean aritutako egileenak gehienak, ezer gutxi leporatu dakieke egileei; batzuetan ezinezkoa baita bostehun orrialdeko istorio bat bitan laburtzea!