20 FEB. 2017 Aizkora Faborito guztiak izango dira Urrezko finalean J.L. Mugertza II.ak eta Atutxak ez zuten hutsik egin atzo Oñatin, ez eta Saralegik eta Vicentek ere, eta bi bikote hauek izango dira Urrezko Aizkorako finalean Arriarekin eta Otaegirekin batera. Atutxak eta Mugertzak lan laburretan erabaki zuten auzia, izan ere, iraupenekoan Otaño eta Lopez nagusi izan ziren, baina minutu eta erdi atzetik zirela sartu ziren lan horretara, eta ezinezkoa egin zitzaien hori gainditzea. Lan guztiak burutzeko, 21 minutu eta 28 segundo behar izan zituzten Ugaitz Mugertzak eta Aitzol Atutxak, eta 22 minutu eta 33 segundo, berriz, Juanjo Lopezek eta Eneko Otañok. Beste finalerdian ere ez zen inongo ezusterik izan, eta Iker Vicentek eta Ruben Saralegik lortu zuten finalean aritzeko txartela, Jon Irazu eta Patxi Mindegia mendean hartuta. Hemen ere, lehen lanetan ia dena erabakita zegoen, bi minutuko aldearekin sartu baitziren Vicente eta Saralegi, baina iraupen proban ere nagusi izan ziren. Lan guztiak burutzeko, 22 minutu eta 30 segundo behar izan zituzten Saralegik eta Vicentek, eta 25 minutu eta 31 segundo, aldiz, Irazuk eta Mindegiak. Harri-jasotzea Xabier Peñagarikanok irabazi zuen harri-jasotzaile gazteen lehiaketa, atzo azkeneko jardunaldian Eizagirre mendean hartu ostean. Bakoitzak, 125eko errektangularra, pisu bereko zilindroa, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili zituen, eta lanerako bakoitzarekin bina minutuko txandak izan zituzten. Peñagarikanok, 17, 20, 15 eta 19 jasoaldi egin zituen, denera 71 jasoaldi. Eizagirrek, berriz, 18, 20, 16 eta 15 lortu zituen, eta denera 69 jasoaldi egin zituen.