Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Zuhaitza eta basoa

A tzoko zutabean Beñat Zaldua monokultibo politikoaz mintzatu zitzaigun. Gai bakarraren bueltan denbora asko emateak desiorik bizienak ere asperdura bilaka ditzakeela zioen. Hemen, esate baterako, gatazka armatuaren ondorio eta ajeen inguruan katramilatuta gabiltzala esan zuen, inertziek edo konplexuek bultzatuta. Tesiarekin funtsean ados egonik eta monokultiboaz ari garelarik, basogintzaz hitz egin nahi dizuet gaurkoan.

Diman ospatu berri diren Basogintza Jardunaldien harian entzun nuen irratian basoa eta baso landaketa ez direla gauza bera. Basoa naturala da; anitza, adin ezberdineko zuhaitzak ditu, emankorra da. Baso landaketa da, berriz, gizakiok egiten duguna, izan pinu edo pago; alineazio zehatzekoa, uniformea, epe eta helburu jakin baterako egina, monokultiboa eta beraz emankortasuna galtzeko arriskua duena.

Atxondoko Udalak baso landaketa monokultiboa baso natural bilakatzeko prozesu konplexua abiatu du. Pinu baso osoa bota eta pagadia landatu ordez, apurka berez-berez datozen espezieak hazten utziko dituzte, pinua modu selektibo eta progresiboan botaz.

Zuhaitzari soilik begiratzen badiogu, baso osoaren perspektiba galtzen ariko gara. Eta sarri egoten gara zuhaitzari begira, basoa handiagoa dela ahaztuta. Beraz, ezin jakin ze baso mota den eta ze lurzorutan hazi den. Prozesu independentista zer da, zuhaitza ala baso anitza elikatzen duen lur emankorra?

Zuhaitzari soilik begira arituta, gaiez hitz egiteko arriskua izan dezakegu, zuhaitz solteak balira bezala. Gaiez baino estrategiaz mintzatu beharko ginateke, estrategiarik gabe gai batez edo besteaz mintzatzeak ez baitu ezertarako balio. Estrategiak ematen du norabidea. Katalunian ez dakit, baina hemen daukagun beharra guztia estrategia independentistaren arabera pentsatu eta aktuatzekoa da. Estrategia independentista ez baita monokultiboko zuhaitza izan behar, borrokaren basoa sostengatu eta zuhaitz/gai ezberdinak elikatzen dituen lurzoru emankorra baizik. Katalunian ere ondorio emankorrak utziko ditu lurzoru berriak.