GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIKO ESKIA

Altitoy-Ternuaren hamargarreneanez da ezustekorik izan

Loic Thevin-Wilfrid Jumere gizonetan eta Ares Izard eta Lula Martinez emakumeetan nagusi izan dira. Pasa den asteburuan jokatutako lasterketan 500 eskiatzailek hartu zuten parte. Giro eguzkitsua izan zuten.


Altitoy-Ternua lasterketak hamarkada bat bete du dagoeneko. Pirinioetan mendiko eskiko lasterketen artean sona handiena du, eta asteburu honetan jokatutako azken aldiak bete egin ditu iragarpen guztiak.

Ohi den bezala, 24 orduan izen-ematearen kopurua agortu zen. Beraz, bi egunez taldeka lehiatu direnak 500 eskiatzaile izan dira. A eta B ibilbideetan jardun dute, eta A ibilbidekoek benetako lehian protagonismoa izan dute. B ibilbidekoek, berriz, izaera herrikoiagoa izan dute.

Bestalde, iaz ez bezala, Altitoy ez da Grande Course zirkuituan sartu, eta hori, jakina, parte-hartzaileen mailan nabaritu egin da. Ondo baino hobeto nabaritu egin dena ere eguraldia eta ibilbideen baldintzak izan dira.

Horiek horrela, bada, Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak eta Luz St. Sauveur-eko Altitoy taldeak antolatutako mendiko eskiko festa bikaina izan da.

Eta lerroburuan jarri dugun bezala, faboritoek irabazi dute: Loic Thevinek eta Wilfrid Jumerek mutiletan eta Ares Izardek eta Lula Martinezek nesketan.

Bi egun

A ibilbidean lehiatu zirenak 125 talde izan ziren. Larunbateko irteera puntua Bareses-eko eski-estazioan jarri zen. Eguraldi zein tenperatura onak lagunduta, eskiatzaileak 20 kilometroko eta 2.500 metroko desnibela zuen ibilbidean lehiatu ziren.

Thevin-Wilfrid bikotea 2 ordu eta 33 minutuko denborarekin gailendu zen. Lehen euskal taldea, Igor Alzelai-Iñigo Lariz, bosgarrena izan zen irabazleengandik 15 minutura.

Nesketan, berriz, Martinez eta Izard bikotea izan zen indartsuena, 3:40 denbora eginda. Euskal taldeen artean, aldiz, Lide Leibar eta Igone Camposena izan zen lehena.

Atzo Luz Ardinen-eko eski-estaziotik irten ziren. Ibilbidea: 18 kilometro eta ia 2.500 metroko desnibela. Eguraldiaren eta ibilbidearen baldintzak oso egokiak izan ziren.

Eta lasterketa honetan ere larunbateko irabazleak gailendu ziren berriro: Thevin-Jumere gizonetan eta Izard eta Martinez nesketan. Lehen euskal taldeak: Mikel NavarroJuanjo Goikoetxea eta Leibar-Campos. Bi egun horietan lortutako denborak batu ondoren, aipatutako bi talde horiek Altitoy-Ternuaren hamargarren ekitaldia irabazi dute. Euskal Herriko eskiatzaileei dagokienez, Navarro eta Goikoetxea mutiletan eta Leibar eta Campos nesketan izan dira nagusi; eta, beraz, txapela jantzi dute.