GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Ohorea baino


Marijane Minaberry eta Koko Abeberry joan dira. Bakoitzak bere sailean garrantzia izan du Euskal Herriko bizitzan, bakoitzak herri bat amets izan du, altxor eta oroitzapenak utzi dizkigute. Ezagutu zituzten garaiak ez ziren beti errazak izan, aurre egin behar izan zuten eta ekin zioten zuten ametsari. Amets horren bidean gabiltza oraindik, gure mailan, gure harri koskorra jarri nahian, harri guztiekin osatuko baitugu gure nortasuna babesteko harresia, ate handi batzuekin libre izateko nahikeria dutenei aterpea eskaintzeko.

Egia erran, ametsen garaiak urrun daudela ematen du, saiak prestatzen ari direlarik hauteskunde kanpainaren hasieran. Iruzurren kontrako elkarretaratzeek ez dute arrakasta handirik, Fillonen kasuak kezka sortu baitu. Izan ere, eskuineko hautagaiari ez bazaio boza ematen, eskuin muturraren aukerak handitzen dira. Panorama hau ez zen aurreikusia, ondorioz mundu politiko mediatikoa nora begiratu ez dakiela dabil. Beste aukerak bilatzen saiatzen ari dira Macronekin; askotxo ikusi izan da telebistan egunotan. Bayrouk legitimitatea eskaintzen dio haren alde kokatuz, baina elkartzeak momentuko ez du konbentzitzen. Ezkerraren biltzearen beharra nabarmentzen ari dira. Lan zaila, Melanchonen diskurtsoa ez baita lotzen Alderdi Sozialistarenarekin. Alderdi Sozialistaren zartatzea aipatu zen, baina une honetan ez da horrelakorik gertatzen; aitzitik, batzuk birkokatzen ari direla ematen du. Legebiltzarreko hauteskundeetan sorpresak izango dira kalapita asko ez baita buruzagien artean. Espagnac senataria ez zen inoren alde jarri Alderdi Sozialistaren primarioetan, baina jada Hamonen bozeramaile izendatua izan da. Batzuek politikan kokatzen badakite, estatuaren zutabeak!

Politikan kontu guztiek balio dute, alderdien biziraupena helburua dela ematen du, alderdia eta arduradun politikoak. Hautetsiak inkulpatuak edo zigortuak direlarik, Urruñako auzapezaren kasuan bezala, ohorea zikintzen omen zaie. Ez dutelarik presondegia zapaltzen! Beste batzuen kasuan, 27 urte preso, ohorea baino gehiago zapaldu zaie!