Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Hiltzailea salatzaile

Umorerik beltzeneko txistea litzateke, umorerako tarterik txikiena balego. Baina ez dago.

Bi urte betetzera doan Yemeneko gerrak ez du irribarrerako zirrikiturik ere uzten: 15.000 hildako inguru, bi heren zibilak; hiru milioi (populazioaren hamarrena baino gehiago) etxetik ihes eginda jada. Gosetea, bestalde, hedatzen ari da azkarki edonon. Eta bake-itxaropenik ez; alderantziz: urte askotarako gerra izan daiteke.

Saudi Arabiaren erasoa ere urtea betetzear da, eta gauzak gaiztotzea besterik ez duela lortu oso argi dago. Salman erregearen armategi neurrigabeak ez du Yemeneko gerraren bilakaera aldatzea lortu apenas; aldiz, huthien kontraerasoak gero eta barnerago ailegatzen ari dira erresuma teokratikoan. Garai batean bezala petrolioaren dirua nahierara sartuko balitzaio, gaitz erdi; baina saihets hori ere gero eta ilunago dauka Arabiak.

Sarkastikoa ere bada, beraz, Yemeneko gatazka hedabide nagusietan agerrarazi duen gertaera bakarra William «Ryan» Owens estatubatuarraren heriotza izatea. Owens, Navy SEALetako kidea, urtarrilaren 29an zendu zen Yakla izeneko desleku batean Yemenen, Abbottabad-ekoa errepikatu nahi eta azkenean Muqdisho eta Teheranen artekoa izanez amaitu zuen operazio batean, zehazki.

Obamaren garaietan pentsatu baina egin gabe utzitako erasoa nonbait, Trumpen kuadrillak abiarazi izango zuen, haize gehiegi eta argibide gutxiegirekin. Al-Qaedako ustezko buruzagia den baten bila omen zihoazen baina, itxura denez, hura ez zegoen han; bai, ordea, beste batzuk... ez dago argi zein joeratakoak. Tiroketan, Owens hil eta haren beste hiru kide zauritu zituzten, hegazkinetako bat galtzeaz gain. Owensen gurasoak asko haserretu dira Trumpekin, txapuzaren erantzule gorena omen delako.

Albisteen azken lerroetaraino joan behar da, hala ere, ifrentzua aurkitzeko: erasoan, dozenaka zibil hil zituzten estatubatuarrek; haien artean, zortzi-hamar haur eta emakume mordoa.

Owensi esker jakin dugu.