GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Emakume Master Cup-ek segida bermatuta dauka

Igandean jokatuko dira, Zornotzan, arrakasta handiz jokatu den lehiaketa honetako lehen finalak.


Sarri zailena lehen pausoa ematea izaten den arren, lehen urrats horri jarraipena emango dion bigarren bat gabe, ekimenik interesgarrienak ere anekdotikoa izateko arrisku latza izaten du. Ez dirudi hori izango denik Emakume Master Cup esku-pilota lehiaketaren kasua. Igandean jokatuko dira lehen aldiz formatu ireki batean jokatu den lehiaketa honetako finalak Zornotzan eta, atzoko aurkezpenean Iker Amarika antolatzaileak azaldu zuenez, datorren urtean bigarren edizio bat izango da.

Are gehiago, izandako arrakasta ikusita, eta aurten parte hartzerik izan ez duten emakumeak badirela jakinda, badago asmoa buruz buruko txapelketa bat antolatzeko. Emakume Master Cup honetan 80 pilotarik hartu dute parte, baina antolatzaileek ia 100 emakumeren zerrenda bat lortu dute, modu federatu batean edo lagunartean esku pilotan aritzen direnak. Horretarako babesle bila ere hasi dira, baina, era berean hau diote: «Ez ditugu neskak erre nahi. Izan ere, badakigu udan aukera gehiago izango dituztela; zenbait herritatik deitzen hasi dira, udan festetan jokatzera joan daitezen». Eliteko finalean arituko den Olatz Arrizabalaga bizkaitarraren kasuan, esaterako, Leongo herri txiki batetik egin diote gonbita eta Donostiako Antiguan eta Añorgan ere ari dira zenbait proiektu mugitzen.

Final orekatuak

Baina epe motzera begira, igandean jokatuko diren finalak dituzte begiz jota zortzi protagonistek. Txapelketan orotara 40 bikotek hartu dute parte, 28k lehen mailan eta beste 12k Elitean eta zazpi herritan jokatutako 53 partiden ostean, Alba Martinez-Arrate Bergara eta Jaione Zulaika-Nagore Bilbao bikoak heldu dira finalera lehen mailan eta eta Olatz Arrizabalaga-Leire Etxaniz eta Nagore Arozena-Maider Mendizabal, Elitean.

Nabarmentzekoa da Elite mailan lehiatuko diren lau pilotariek ibilbide oparoa jorratu dutela pala munduan. Urrutira joan beharrik gabe, ostiral honetan Mallabian jokatuko den Euskadiko Pilota Federazioaren gomazko paletaren Elite txapelketako finalean egongo dira euretariko hiru. Leire Etxanizek Nagore Martin izango du aurrelari eta igandean aurkari izango diren Olatz Arrizabalagak eta Maider Mendizabalek bikotea osatuko dute.

Final orekatua espero dute antolatzaileek zein pilotariek. Gazteagoak izanda, kolpe gehiago izan dezakete bizkaitarrek, baina sortu den zurrunbiloarekin, eta partidak telebistaz zuzenean eskainiko direla aintzat izanda esperientzia ere oso garrantzitsua izan daiteke eta horretan gipuzkoarrek aldea atera diezaiekete. Gertatzen dena gertatzen dela, giro ona bermatua dago igande eguerdian Zornotzan.

Txanpon honek ere badu beste aldea

Txapelketa honen inguruan sortu den zalapartak ezustean harrapatu ditu pilotari gehienak eta urte askoan izan ez duten onarpenarekin gustura daude. «Jendea behingoz konturatu da neskek pilotan jokatzen dugula eta hori da garrantzitsuena», azaldu zuen Maider Mendizabalek, baina era berean, «bi sentimendu kontrajarri ditut. Hau guztia oso ondo dago, eta maila ematen ari gara, ondo jokatzen dugu pilotan. Baina jendeak interes handia dauka neskek eskuz jokatzeko. Niri beti galdera bera egiten didate, “noizko eskuz?”; Mundiala jokatu palaz, irabazi edo bigarren egin eta beti gauza bera. Inori ez zaio okurritzen Aimarri galdetzea ea noiz jokatuko duen palan», kexatu zen, besteren artean munduko txapeldun ere baden anoetarra.

Bere bikote Nagore Arozena lizartzarrak ere nabarmendu zuen, honetan behintzat berdintasuna badela mutil eta nesken jokamoldeetan. «Harrituta egongo ez naiz ba? Horrelako oihartzuna ari da hartzen, larritzen ere hasi naizela. Jendea honen berri izaten ari da eta final txar bat irteten bada, desengainua hartuko du. Alde batetik mingarria da, baina ohituta gaude. Lehen ez ziguten kasu handirik egiten eta hemen ikusten denez eskuak saltzen du, gainontzeko modalitateek ez. Eta ez da nesken kontua bakarrik».

Antzera mintzatu zen Gautegiz-Arteagako Olatz Arrizabalaga ere. «Zortzi urte palan eta ia inoiz ez didate kasurik egin. Gutxitan ikusten da hainbeste jende frontoian, orain arte gurasoak eta lagun pare bat, ez besterik. Bihar Eliteko pala finala dugu eta ia inor ez da enteratu. Eskuz oraintxe hasi gara eta palaz denbora asko daramagu». J.O.