Mikel Zubimendi
Kazetaria
IKUSMIRA

Danimarkako guardia zibilak eta Iñigo Urkullu

Iñigo Urkullu jende tristea iruditzen zait, niri ere. Emozioa, elektrizitatea, pasioa, herri xedea eta ikuspegia ez zaizkio antzematen. Enpresariak, hainbeste zergarekin hemen segitzeagatik, goraipatu berri ditu; errealitatean bizi diren bakarrak horiek eta alderdia (berea) direla esana du ere. Hori du maila. Besterik da, herri honen pultsuak duen taupadari begiratuta, maila ematen duen ala ez eztabaidatzea.

Etsi egiten nau, ni ere, Espainiarekin berdinetik berdinera egin nahi duen itunak. Kataluniakoari kontrajarriz, Madrilen goretsia. Behar denean Espainiarekin batasunak eskaintzen dituen abantailak hartu behar direla, eta behar denean, hemengo interesek hala agintzen dutenean, estatu subirano bezala jokatu.

Formalki Espainiako parte izaten eta bere konstituzioaren pean jarraitu behar dugula dio, baina hemengo gobernuak onartu ez duen legerik ezingo dela hemen aplikatu. Zergak hemen bilduko direla, hemengo legeen arabera, hemengo lurraldean gastatzeko.

Urkulluren arabera, Euskal Herri subirano baten aldeko urratsak Espainiarekin elkar adituz egin behar dira, autonomia hobetuz Espainiarekin lotura estu baten eskutik.

Madrilen aurrean «Pintto, Pintto, ekarzu pilota txikia» portatuta, Urkulluk uste du pentsamendu politiko zuhur bat gailenduko dela, espazioa eta arnasa emango diotela harreman horri, gauzak erraztu eta ez dutela mehatxua eta gihar judiziala aterako. Espainia moldakor eta liberal bat, protestanteen pragmatismoa duena, eraikitzea posible dela uste du. Jakin beharko luke, baina, Danimarkan ez dagoela guardia zibilik.