04 MAR. 2017 Aizkora Hasierako faborito guztiak izango dira final handian Atutxa II.a eta Mugertza II.a dira azken hiru urteetako txapeldunak eta bihar ere Azpeitian izango dira. Jon LEUNDA Binakako Urrezko Aizkorako finala jokatuko da bihar, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 12.00etan hasita. Lehiaketa abiatu zenean aurreikusten ziren hiru bikoteak izango dira azken saio honetan. Atutxa II.a eta Mugertza II.a, azken urteotako txapeldunak, Vicente II.a eta Saralegi eta Arria V.a eta Otaegi. Esan beharrik ere ez dago Atutxa eta Mugertza direla txapela lortzeko faboritoak. Azken urte hauetan garaile atera dira, eta hori ez da kasualitatea. Hala ere, beste bikoteak ere oso kontuan hartu beharko dira. Lan laburretan inongo hutsik egiten ez badute, Arriak eta Otaegik ere irabazteko aukera handia izango dute. Txanda libreko saioan bikain moldatzen dira, eta egun txarrik ez badute, ez da erraza izango horiek mendean hartzea. Iker Vicente eta Ruben Saralegi dira denetan gazteenak, bi aizkolariak ere oraindik oso gazteak baitira. Lan laburretan bikain ibiliko diren zalantzarik ez du inork egiten, baina lan luzean ikusi beharko da, tartean enbor handiak ere bai baitaude. Aizkolari guztiak finala azkeneko proban erabakiko delakoan daude, edo hori da, behintzat, behin eta berriz astean zehar esan dutena. Askotan horrela izaten da, baina aurtengo lehiaketan, eta orain arte, probarik gehienak azkeneko saioa baino lehen erabakita geratu izan dira. Zutikako enborrek askotan min egiten dute, baina finalean sartu diren aizkolariak era horretan ere ongi moldatzen diren. Hemen, maila nagusian txapela lortuta daude seitik lau. Atutxak eta Mugertzak azkeneko hirurak irabazi dituzte bata bestearen atzetik. Atutxak, gainera, badu beste bana Larretxearekin eta Azurmendirekin irabazita. Otaegi, Unai Otañorekin batera, bi dago irabazita, eta Arria V.a, berriz, bat, Anjel Arrospide lagun zuela. Vicentek eta Saralegik ez dute irabazi goi mailan, baina hori ere normala da, biak oso gazteak baitira. Bihar saiatuko dira aurrenekoa eskuratzen. Bai Vicente bai Saralegi iazko finalean izan ziren. Aurrenekoa O’Toole australiarrarekin aritu zen eta hirugarren geratu zen, eta bigarrena, berriz, Rekondo lagun zuela bigarren izan zen. Beraz, finalean arituko diren seiek badakite maila honetako azkeneko saioan egotea zer den. 23 urtez azpikoek ere izango dute euren aukera. Ez da lehiaketarik jokatu aurretik, eta ondorioz zuzenean finala jokatuko dute. Bertan, Eneko Otaño eta Zelai III.a Etxeberria II.aren eta Kañamares IV.aren aurka arituko dira. Eneko Otañok markatu beharko lituzke aldeak. Bera Lehen Mailako aizkolaria da, eta eskarmenturik handiena ere berak du. Denetan berriena den aizkolaria izango du lagun, baina Zelai saiatuko da bere babesean dakiena erakusten. Etxeberriak eta Kañamaresek iaz maila handia eman zuten, eta aurtengoa bide beretik hasi nahi dute. Urteko onenak ezagutuko dira Idi-probetan eta zaldi-mandoetan Euskal Herriko onenak zeintzuk diren jakingo da gaur eta bihar, bietan finalak izango baitira, eta bietan iazko lehiaketetako hiru onenak neurtuko dira. Idietan, gaur gauean Elgoibarko Sigma probalekuan izango da norgehiagoka, eta bertan hiru idi pare izango dira. Honako hauek arituko dira nor baino nor: Aurrekoetxea anaiak, Txomin Renteria eta Biritxinaga. Adituen ustez, oso lehia handia izango da gaurko final honetan, eta piztu den ikusmina ere handia omen da. Badirudi faborito garbirik ez dagoela mantak lortzeko. Zaldi-mandoen finala, berriz, bihar jokatuko da 17.30ean hasita, Etxebarriko probalekuan. Han ere joan den urteko hiru abererik onenak lehiatuko dira nor baino nor, manta lortu nahian. Kobaren, Erauskinen eta Patxuaren zaldi-mandoak izango dira lanean arituko direnak. Han ere jende asko espero dute final handi hau ikusteko. J.L. BESTEAKTxapeldunez gain, lanean arituko diren gainerako bikoteak ere oso indartsuak dira. Arria V.a eta Otaegi eta Vicente II.a eta Saralegi ere txapelen lehian izango dira.