06 MAR. 2017 ALPINISMOA Eigerreko «Messner-Hiebeler» bidearen neguko bigarren igoera Urtarrilaren 29an, Phillip Brugger eta Simon Mensserrek ipar zutoinean dagoen marra eskalatu zuten. 1.800 metro luze da, eta honako zailtasun teknikoak ditu: M6+, 60º, V+. Sokada gazteak xedea hamar orduko jardunean borobildu zuen. Última actualización: 06 MAR. 2017 - 06:21h Andoni ARABAOLAZA Thomas Huber, Roger Schaeli eta Stephan Siegristen Eigerreko ipar hormako “Metanoia” bidearen lehen errepikapenak oihartzun handia izan zuen. Jakina, marra horrek duen historia ikusita normala zen hedabide espezializatu guztietan bere txokoa izatea albisteak. Hurrengo lerrootan jorratuko dugun jarduera, berriz, ia oharkabean pasa da. Agertoki berean izan da, eta, hain zail zein arriskutsua ez bada ere, Simon Mesnner eta Phillip Bruggerrek eginiko eskalada azpimarratzeko modukoa da. Pasa den urtarrilaren 29an, sokada gazte hori gai izan zen Eigerreko ipar zutoinean dagoen “Messner-Hiebeler” bidearen (1.800 m, M6+, 60º, V+) neguko bigarren igoera egiteko. 1968. urtean zabaldu zen, baina 1983. urtera arte ez zen lehen neguko igoera sinatu. Eta hori lortu zutenak Norbert Joos, Kaspar Ochsner, Martin Grosen eta Bernhard Misteli izan ziren. Lehen errepikapena, beraz, laukote batek egin zuen; bigarrena, berriz, bikote batek egin du 34 urte geroago. Aurreratu behar dugu alpinistok, bidearen sarreran denda batean lo egin eta gero, hamar orduko jarduna behar izan zutela bigarren igoera hori patrikan sartzeko. Gainean ez zuten bibakik egiteko inolako tresnarik eraman, eta, onartu dutenez, marraren baldintzak nahiko egokiak izan ziren. Hurrengo lerrootan, Phillip Brugger berak azalduko digu zer-nolako igoera egin zuten “Messner-Hiebeler” bidean. Hamar ordu «Simonek eta biok Lusener Fernerkogel mendian bide berri bat zabaldu genuenean, jaitsieran Eigerreko ipar horman zerbait egiteko aukera aztertu genuen. Biok ala biok ados geunden ipar zutoina izan zitekeela ibilbide egokiena. Berez, Eguberriak baino lehen saiatu nahi genuen, baina Simon gaixotu egin zen, eta geure xedea atzeratu behar izan genuen. Jakina, gure apustua eskalada hori neguan egitea zen. Eguraldiak ez zuen batere laguntzen; baina, azkenean, antizikloia iritsi zen eta zera esan genuen: orain edo inoiz ez! Motibazioari dagokionez, handia zen, baina aukeratutako marra igotzeko denbora gutxi genuen; izan ere, Simon urtarrilak 30erako lanera itzuli behar zen. 28an, paretaren oinarrian bibaka egin eta gero, goizeko seietan martxan jarri ginen. Ordubete geroago eskalatzen ari ginen. Lehenbiziko luzeak mistokoak ziren; zailak oso. Hurrengo zatia lasaiagoa zenez, ensanblean igo ginen. Bigarren tarte gogorrari ekin genion; hain zuzen ere, arrokan. 5. eta 6. graduaren artean zegoen, baina arroka hotza zegoen eta hatzak ez genituen sentitzen. Geure buruak babesteko komeriak izan genituen, baina, zorionez, noizean behin iltze zaharren bat aurkitzen genuen. Harkaitzezko sekzioen artean zeuden elurrezko aldatsak ez ziren zailak, baina elurra solte zegoen eta une arriskutsuak bizi izan genituen. Beste bi luze gogor eskalatu eta “Lauper” bidearen ezker aldera abiatu ginen. Zeharkaldi baten ondoren, paretaren ipar-ekialdera 13:30ean iritsi ginen. Elur sakonari aurre egin genion; belauna arte sartzen ginen. Aspergarria zen oso! Baina, bederen, hango giroa eta atmosfera apartak ziren. Arratsaldeko azken argi izpiekin tontorrera heldu ginen. Hamar orduko eskalada izan zen! Haize bolada handiak zeudenez, azkar jaistea erabaki genuen. Leher eginda geunden, geure oinek ez zuten beste urrats bat eman nahi, iluntasunak harrapatu gintuen... Arratsaldeko zortzietarako paretaren oinarrian jarri genituen dendetara iritsi ginen. Elurra urtu ura edateko, bizkar-zakuak antolatu, eskiak jarri eta Grindelwaldera abiatu ginen. Itzulera ere gogorra izan zen oso. Innsbruckera 03:30ak jota heldu ginen azkenean, Eigerren arrakasta lortuta».