06 MAR. 2017 Aizkora Eneko Otañok markatu ditu gazteen arteko alderik handienak J.L. Eneko Otañok eta Zelai III.ak irabazi zuten 23 urtez azpikoen Urrezko Aizkora. Beraiek ziren faboritoak, eta ez zuten hutsik egin. Hasi aurretik garbi zegoen Eneko Otañok markatu behar zituela ezberdintasunak, eta Beizamakoak horixe egin zuen. Lehen Mailan dagoen aizkolaria da, eta hori zergatik den argi eta garbi utzi zuen. Amaieran minutu bateko aldea kendu zieten irabazleek Kañamares IV.ari eta Etxeberria II.ari. Bikote bakoitzak hiru lan ezberdin egin behar izan zituen. Hasteko, bi 45 ontzako ebaki behar izan zituen; aizkolari bakoitzak bana moztu behar izan zuen. Otañok eta Zelaik hor lortu zuten aurreneko aldea, lana 2 minutu eta 7 segundoan amaituta. 10 segundoko tartea kendu zien bi aizkolari nafarrei. Bigarren lanean, bikote bakoitzak 60 ontzako enbor bana ebaki behar izan zuen, etzanda jarrita, eta hor bizkaitarra eta gipuzkoarra aldeak gehitzen joan ziren. Beraiek euren lana amaitzeko 2 minutu eta 46 segundo behar izan zituzten, eta aurkariei beste 6 segundoko tartea kendu zieten. Azkenik, iraupen proba zegoen, eta ordurako faboritoek aldea zuten alde, eta bidea nahiko ongi zeukaten garaipena lortzeko. Bikote bakoitzak hiru kana-erdiko ebaki behar izan zituen, eta berriz ere Otañok eta Zelaik irabazi zuten. 6 minutu eta 28 segundo behar izan zituzten lanak bukatzeko, eta beste 26 segundo sartu zizkieten Etxeberiari eta Kañamaresi. Lan guztiak burutzeko, Eneko Otañok eta Zelai III.ak 11 minutu eta 7 segundo behar izan zituzten. Etxeberria II.ak eta Kañamares IV.ak, aldiz, 12 minutu eta 9 segundo behar izan zituzten eurenak amaitzeko.